Europar Parlamentuak CETA akordioa bere osotasunean bozkatuko du osoko bilkuran bihar. Hori dela eta, gaur EH TTIP EZ kanpainak eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Gutunak deituta, elkarretaratzeak antolatu dituzte EAJ, PSE eta PP alderdien egoitzetan. Hiru talde politikoek "Europa eta Kanada arteko CETA merkataritza hitzarmena maite dutela erakutsi dute hainbat aldiz", eta otsailaren 14an, San Balentin eguna ospatzen denez, maiteminduen eguna, "beraien maitasuna ospatzera" deitu dituzte herritarrak.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, "gure bizitzak pobretzen dituen merkataritza eta inbertsiorako hitzarmenaren aurka" elkarretaratzea egingo dute EAJ, PSE eta PPren egoitzaren aurrean.
Bilboko hitzordua, Sabin Etxean izango da, EAJ alderdiaren egoitzaren aurrean (11:30), Donostian PSEren egoitzaren aurrean deitu dute elkarretaratzea eta Gasteizen PPren egoitzaren aurrean.
CETA hitzarmena
Baieztapen prozesuaren azken fasean dago CETA. Otsailaren hasieran Europar Parlamentuak akordioa bere osotasunean bozkatuko du bihar, eta baiezkoa balitz behin behinean aplikatuko litzake eskualde eta nazio-parlamentuetan bozkatzen den bitartean.
"CETA eta TTIParen aurkako jarrera hartzeko" eskatu diote Gasteizeko parlamentuari, lehenago Nafarroako Parlamentuak egin moduan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta TTIP-CETAren aurkako plataformek: "Merkataritza interesak ezin dira demokrazia eta pertsona nahiz planetaren interesen gainetik egon. Herriek erabaki behar dutela aldarrikatzen dugu beste behin, TTIP eta CETAri ez!".
[2017-02-08] CETA akordioaren alde dauden alderdien aurrean elkarretaratzera dei egin dute