Kargupean aske utzi du epaileak hiru edukiontziren ustezko su-emailea

uriola.eus 2017ko api. 19a, 08:50

Argazkia: EITB

Epaiketa egunera arte auzitegian aurkeztu beharko du 31 urteko bilbotarrak. Epaileak joan den astelehenean Deustun eta Abandon hiru edukiontziri su ematea leporatu dio. 

Suteen ustezko arduradunak ez du aurrekari penal ez polizial larririk, Ertzaintzaren arabera. Ez su-emaile gisa, ez delitu errepikatzaile gisa. "Gorabehera arin batzuren" ardura baino ez zaio leporatu orain arte. Atzo epailearen aurrean deklaratu ostean aske geratu zen. Aurrerantzean auzitegian aurkeztu beharko du maiz epaiketa egunera arte. Joan den astelehen goizaldean Deustun eta Abandon hiru edukiontziri su ematea leporatu dio epaileak. Auzokide batek, sutearen lekukoa, Ertzaintzari deitu eta ustezko su-emailearen deskribapena eman eta gero atxilotu zuten Abandon su hartu zuten edukiontziak zeuden lekutik gertu. 

Azken bost egunetan 20 edukiontziri su eman diote Bilbon, auzo desberdinetan. Astelehenetik ez da sute gehiago izan. Auziperatua aurreko suteekin lotzeko froga bila ari da Ertzaintza. 

Bilboko Udalak jakinarazi duenez, edukiontzi bakoitzak 1.000 euroko kostua du. Erretako 20 edukiontziak ez ezik suteen ondorioz kaltetu diren beste batzuk ere ordezkatuko ditu Udalak. 

 

[2017-04-18] Hiru edukiontziren sutea ustez eragin duen arduraduna atxilotu du Ertzaintzak

[2017-04-12] Bost edukiontzi erre dituzte goizaldean Bilbon