Maiatzaren 1ean kalera ateratzeko deia zabaldu dute sindikatuek

uriola.eus 2017ko api. 26a, 18:44
Meatzaldeko maiatzak 1eko manifestazioa. Arg: Basetexe Gaztetxea

Hurrengo astelehenean, Langileen Nazioarteko Egunean, sindikatu nagusiek manifestazioak egingo dituzte hainbat hiri eta herrietan. Guztiek izango dute Bilbon hitzordua, ordu eta toki ezberdinetan, bai eta Maiatzak1Egin dinamikak deitutako arratsaldeko manifestazioak ere.

ELA

Guk, oinak lurrean! lema aldarrikatuz, ELA sindikatuko kideek Bizkaiko erresidentzietako langileak maiatzaren leheneko manifestazioan lehen lerroan egongo direla adierazi dute. “Eguneroko murrizketa eta soldata zein lan baldintza gero eta okerragoak pairatzen dituztenekin gaude”, azaldu dute, asteleheneko manifestazioan emakumeek izango duten protagonismoa azpimarratzearekin batera.

Bizkaiko zahar-etxeetako langileek lau astez luzatuko den greba deialdi berriari ekin diote gaur. Plaza Biribilean egindako protesta batekin eman diote hasiera greba deialdiari, oinarrizko aldarrikapenak gogoraraziz. Besteak beste, 1.592 orduko lanaldia, sektoreko langile guztientzako gutxieneko 1.200euroko soldata eta arreta-ratioak hobetzea eskatzen dute. Dagoeneko 160 greba-egun egin dituzte 14 hilabetetan Bizkaiko zahar-etxeko langileek.

LAB

Bestalde, LABek Zamudioko Teknologia Parkean atzo egindako ekitaldian “erronka ekonomiko eta sozialei aurre egiteko burujabetza” aldarrikatu zuen. Ainhoa Etxaideren hitzetan “langileon mobilizazioa izango da Euskal Estatuari benetako bultzada emango diona”, eta horregatik maiatzaren leheneko manifestazioetara “aldarrikapen historiko batekin” kalera ateratzeko deia luzatu du, “langileok estatu propioa nahi eta behar dugula” adierazteko. LAB sindikatuak Bilbon deitutako manifestazioa Zabalburu plazatik abiatuko da 12:00etan eta Sabin Etxearen aurrean amaituko da.

CNT

CNT sindikatuak, aldiz, "mundu berri bat sortzeko, anarkosindikalismoaren beharra" aldarrikatuko du maiatzaren lehenean. Krisi ekonomikoa langileen eskubideak urratzeko eta “mota guztietako eraso eta murrizketak” burutzeko aitzakia gisa erabili izana salatu dute argitaratutako komunikatuan. Murrizketek, langabeziak, errepresioak eta ustelkeriak langile klasearengan “beldurra, ezintasuna, paralisia eta etsipena” eragiten dutela adierazi dute. “Gizarte eraldaketa lortzeko Kapitala eta Estatuari aurre egingo dion alternatiba zabaldu” eta “ekoizpen eta bitartekoak langileriaren eskuetan uztea” proposatzen dute. Bilbon egingo duten manifestazioa Kale Nagusiko 56 eta 58 zenbakien artean hasiko da 11:30etan, Arriaga Plazan bukatuz.

Esteilas eta Esk

Esteilas sindikatuko kideek maiatzaren 1ak “eskubide sozial eta laboralen etengabeko galera hankaz gora botako duen inflexio puntua” izan behar duela aldarrikatu dute. Haien hitzetan, “inoiz baino indartsuagoa” den kapitalismoaren aurrean borroka “inoiz baino beharrezkoagoa” da eta “borrokan elkarturik” kendutakoa berreskuratzeko deia zabaldu dute. Esteilaseko kideek, Esk sindikatuarekin batera 11:30ean hasiko dute manifestazioa Kale Nagusiko 56. zenbakiaren parean.

UGT eta CCOO

UGTk eta CCOOk elkarrekin kaleratutako komunikatuan hots egiten diete Espainiako gobernuari, gobernu autonomikoei eta talde politikoei produkzioaren hazkundea gizartearen onurarako bideratzeko. “Kalitatezko enplegua, aurrerapena soldata arloan, pentsio duinak eta gizarte babes sistemaren indartzea” eskatuko dituzte manifestazioan. Aitzakiarik ez lelopean, maiatzaren 1ean kalera ateratzeko deia zabaldu dute. UGTk deitutako manifestazioa 11:30ean hasiko da Jesusen Bihotzeko plazatik, eta CCOOkoa ordu berean Kale Nagusiko 79. zenbakitik.

 

Maiatzak1Egin

Sindikatu nagusiek goizean egingo dituzte mobilizazioak. Arratsaldean, aldiz, azken urteotan ohiko bilakatu den manifestazioa egingo dute Maiatzak1Egin plataformako kideek. 18:00etan Bizkaiko Foru Jauregiaren paretik abiatuko da hainbat gizarte eragilek deituta.