Hamaika euskal film labur lehiatuko dira Euskal Fant Laburrean

uriola.eus 2017ko mai. 5a, 10:01
Euskal Fant Laburreak sekzioaren aurkezpena. Arg: Fant

Gaurtik eta maiatzaren 12ra ospatuko dute Fant jaialdia, Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 23. edizioa. Fikzio eta animaziozko 22 lan aurkeztuko dira, horietatik 11 euskal zinegileek egindakoak. Euskal Fant Laburrean atalaren barruan eskainiko dituzte gaur, 23:00etatik aurrera Campos Antzokian.

Zinegile berrien lana bultzatzea helburu duen Bilboko Zinemaldi Fantastikoak 23. edizioa du artengoa. Aurten Eduardo Casanova zuzendari eta antzezle madrildarraren Pieles film luzearen aurkezpenarekin emango zaio hasiera jaialdiari. Casanova bera eta filmean parte hartu duten zenbait antzezle izango dira inaugurazio ekitaldian, besteak beste, Ana Polvorosa, Itziar Castro eta Ana Maria Ayala. Irekiera ekitaldia gaur 20:00etan izango da Campos Antzokian, eta 23:00etatik aurrera Euskal Fant Laburrean sekzioko film laburrak ikusi ahal izango dira.

Jasotako 900 lan baino gehiagoren artean 22 izan dira aukeratuak Fant23n aurkezteko. Hauek 2.000 eta 3.000 euro arteko hiru sarietako bat eskuratzeko beta izango dute: Sekzio Ofizialeko Film Luze Hoberena, Nazioarteko Film Labur Hoberena edota Euskal Film Labur Hoberena. Azken sail honetan, 11 euskal zinegileren lanak aurkeztuko dira, besteak beste, Mar Gonzalezen Bestealdetik eta Alejandro Diazen Ihesa

Gainerako film labur gehienak, Erresuma Batutik, Frantziatik eta Estatuko gainerako lekuetatik etorritako lan europarrak dira. Nazioarteko film laburrak maiatzaren 6an, larunbatean, aurkeztuko dira 20:00etatik aurrera Azkuna Zentroko Auditorioan. Epaimahai lanetan Melina Matthews antzezlea, Elio Quiroga idazle eta zine zuzendari eta gidoilaria eta Miguel Angel Vivas zuzendari, gidoilari eta kazetaria egongo dira.

+ info: fantbilbao.eus

[2017-04-28] Fant 23k aisia jarduerak proposatzen ditu, zine programazioaren osagarri gisa