Irati Sienrari babesa agertuko diote gaur Deustun osteguneko epaiketaren aurrean

uriola.eus 2015ko eka. 10a, 08:51

Ekainaren 11an, osteguna, Irati Sienra deustuarra, Ernaiko beste sei kide eta Topatu.info atariko Iraitz Salegi kazetariaren aurkako epaiketa izango da. Deustun elkarretaratzea deitu dute gaur, ekainak 10, Irati Sienra eta gainontzekoen aurkako prozesua gaitzesteko. 

Maiatzaren 28an zen hastekoa epaiketa Auzitegi Nazionalean, baina Angela Murillo epaileak ekainaren 11ra atzeratu zuen zortzi auzipetuak "Euskal gazteria aurrera" oihu artean eta herri harresia irudikatu ostean aretotik bota zituenean. 2013ko Gazte Dabadako ekitaldian "terrorismoa goratzea" leporatuta epaituko dituzte Irati Sienra deustuarra, Gotzon Elizburu, Maialen Etxebarria, Mikel Button, Aitor Anda, Garazi Mugertza, Mikel Moreno eta Topatu.info atariko Iraitz Salegi kazetariaria. Fiskaltzak eta AVTren akusazio partikularrak 18 eta 24 hilabete arteko espetxe zigorra eskatu dute haietako bakoitzarentzat.

Aurreko epaiketa, maiatzaren 28koa, hasi eta berehala eten zuen epaileak, auzipetuek maiatzaren 17-18ko herri harresia irudikatu zutenean elkarren artean eskuak gurutzatuz eta epaileari bizkarra emanez "Euskal gazteria aurrera!" oihu artean. Aste honetan, ostegunean ekingo diote beraz epaiketari eta besteak beste, Deustun elkarretaratzea deitu dute prozesu hau salatzeko. Hitzordua gaur izango da, 19:00etan, Done Petri plazan. 

 

[2014/12/18] Kartzela zigor eskaria Topatuko kide bat, Ernaiko zazpi eta Periko Solabarriarentzat

[2015/03/11] Irati Sienra eta beste zortzi lagun maiatzean epaituko dituzte Gazte Danbadan terrorismoa goratzea leporatuta

[2015/05/28] Gaur epaituko dituzte Irati Sienra, Iraitz Salegi eta Ernaiko beste 6 kide

[2015/05/28] Ekainaren 11ra atzeratu dute Irati Sienra eta beste 7 gazteen aurkako epaiketa