Done Petri parkean ere jai gunea izango da aurten

prestaldizkaria 2017ko mar. 7a, 09:15
Kartela Laura Freijoren diseinua

Botikazarreko jai gune hotzetik Deustuko bihotza den Done Petri ingurura jai gunea eramatea izan da Jai Batzordearen erronka azken urteetan. Udalarekin eta Espazio Publikoaren Erabilerarako Bulegoarekin izandako adostasun falta izan da traba orain arte. Aurtengoan, berriz, “uste baino errazagoa” izan da baimenak lortzea Jai Batzordeko kideen arabera.

Horrela bada, Done Petri plaza Deustuko jaietarako “berreskuratzeko bidean” daude deustuarrak. “Pixkanaka ari gara hurbiltzen”, diote batzordeko kideek, eta “egunen baten lortuko dugu”. 

Hortaz, jaiek iraun bitartean Done Petri parkean, frontoiaren ondoan, jai gune berria kokatuko dute. Zehazki, txosna bat eta eszenatoki bat paratuko dituzte “hainbat jarduera bertan gauzatzeko”. Besteak beste, bertso saioa, Kuadrillen Eguneko ekitaldiak edota Front Off musika jaialdiko kontzertuak. Egitaraua eguraldiaren menpe egongo da. Euria ari badu, lekuz aldatuko dituzte ekintzak.

Done Petri parkeko gune berriak ordutegi “berezia” izango du. Batik bat egunez zabalik egongo da. Jai Batzordeko Nerea Cubillok aurreratu duenez, “eguerdietan bazkarietarako eta poteorako eta arratsaldetan”. Gune berriak ez du Botikazarreko ohiko jai gunea “zapalduko”, ordutegi desberdina izango dutelako. Helburua “publiko desberdina” erakartzea da, “adinekoak” esaterako.

 

Bildots jana

Gune berrian egingo den beste jardueretako bat izango da bildots jana. Noiz eta San Jose egunean, antzina Deustun egiten zen moduan. Usadioa berpiztea erabaki du Jai Batzordeak aurten, eta martxoaren 19an 15:00 aldera frontoi ingurura hurbiltzen denak borondatearen truke bildotsa janez bazkaltzeko aukera izango du.

 

Umeen egitaraua

“Egunero umeentzat zeozer egongo da” indartu egin baitituzte txikienei zuzendutako ekintzak: duatloia, eskubaloi txapelketa, Irrien Lagunen antzezlana edota “berreskuratutako” umeen playbacka prestatu dituzte beste jarduera batzuren artean.

 

Food Truck

Bigarren asteburuan, martxoaren 24tik 26ra, hamar bat food truck edo janari kamioietan “janari goxoa eta aukera zabala” eskainiko dute Botikazarrean.

 

Kontzertuak

Musika taldeak lotzerako orduan bi irizpide kontutan hartu ditu Jai Batzordeak eztabaida ugariren ostean. “Batetik, emakumeak oholtzan egon daitezela eta, bestetik, bertako taldeak eta talde euskaldunak izan daitezela nagusi”. Irizpide horiei jarraituz Botikazarreko eszenatokietan zuzenean entzuteko aukera izango da Ziribulio Sound, Siroka, Izerdi Gorria, Moises No Duerme y Los Noctambulos, Iseo&Dodosound, Reimy eta DJ Pintxe Pendeja.

 

Front Off

Zona Especial Norte (ZEN) musika jaialdia berpiztuko du Deustuko Jai Batzordeak martxoaren 25ean. Sei orduz luzatuko dira kontzertuak Done Petriko frontoiaren ondoko parkean; hortik dator izen berria, Front Off.

Zortzi bat bakarlari, dantza eta musika talde lotuta daude jada. Askoz gehiago izan dira beren burua eskaini dutenak ZEN jaialdi berpiztuan parte hartzeko. Zalantzarik gabe, ekimenak piztu duen gogoaren seinale, eta Deustualdean dagoen musika harrobiaren adierazle.  

Jaiak hasteko bi asteren faltan, "gogotsu" daude Jai Batzordeko kideak. Martxoaren 17an Berbaizu euskara elkarteko kideak, elkartearen 25. urteurrenean, izango da pregoiaren irakurketarekin 2017ko jaiei hasiera emango dietenak. Ordura arte prestaketa-lanak dira nagusi Deustun.

 

facebook.com/deustuko.jaibatzordea

twitter.com/deustukojaibatz