San Inazioko Auzo Etxean goiz eta arratsaldez jarraitzen dute auzolanean eta txukuntze lanetan. Aste osoa igaro dute oinarrizko baliabideak lortzen eta hemendik aurrera euren egitarau propioa eta proiektu zehatzak aurrera eramateko asmoa dute. Gaur zinema saioa antolatu dute 21:00etan.
Joan den larunbatean egun osoko egitaraua antolatu zuten Auzo Etxea ezagutzera emateko eta auzokideak espaziora gerturatzera animatzeko. Eguerdian kalera atera ziren eta triki-poteoarekin "auzoa girotu" zuten. Jarraian bazkari herrikoia egin zuten Navarro Villosladako lokalean, bai eta bazkalosteko jolasak eta arratsaldeko musika saioa ere. Auzo Etxeko kideek adierazitakoaren arabera, "jende asko" gerturatu zen larunbatean zehar, eta "proiektuarekin aurrera jarraitzeko gogo eta indarrekin" jarraitzen dute.
Momentuz joan den asteko egitasmo berberarekin jarraituko dute: goizez eta arratsaldez auzolanean eta "ateak beti eta guztiontzat zabalik". Ideiak, proposamenak, liburuak, jostailu eta jolasak, altzariak... eramateko eskatu dute "Auzo Etxea bizirik mantentzeko".
Berriz ere, nahi duenari "gerturatzeko eta parte hartzeko" deia zabaldu diote eta gogorarazi dute egunero 19:30ean asanblada irekia egiten dutela. Gaur zinema antolatu dute asanblada amaitu osterako eta hurrengo egunetan zehar hainbat tailer eta ikastaro martxan jarriko dituztela jakinarazi dute.
Informazio gehiago: Saniko Auzo Etxea (Facebook), @saniberpiztuz (Twitter) edota sanikoau@hotmail.com (email).
[2017-04-03] San Inazioko Auzo Etxearen ateak "beti zabalik"