Haurtzaroaren alde Santutxun

Erabiltzailearen aurpegia Ikoitz Arrese 2020ko api. 22a, 11:02

'OinHerri' Herri Hezitzaileen sareak deitutako deialdirekin bat eginez, Santutxun ere, haurren aldeko ekimen koloretxu eta aldarrikatzailean parte hartzera deitu dute.

Bost aste dira jada Koronabirusaren ondorioz alarma egoera pairatzen ari garela. Bost aste hauetan, helduok, izan dugu modu batean edo bestean kalera irtetzeko aukerarik. Gazteenak, ordea, etxean konfinatuta egotera behartuak izan dira. Adin txikikoekin, nagusiekin bezalaxe, konfinamendu neurri zorrotzenak hartu dira.

Hau horrela, OinHerri Herri Hezitzaileen sareak 8 puntutako manifestu bat kaleratu berri du "haurtzaroaren defentsan". Izan ere, Herri Hezitzaileen sareak adierazitakoaren arabera, "larrialdi egoerarekin, ez dira kontuan hartu haur eta nerabeen oinarrizko eskubideak, ezta beraien osasun integralerako beharrezkoak diren neurriak ere." Aipatutako idazkiaren aldeko sinadura bilketa abiatzeaz gain, igande honetarako Euskal Herriko balkoi eta leiho guztietan egiteko ekimena antolatu dute. OinHerrik, igande honetan, 12:00etan, haurren eskubideen aldeko aldarriak, kantuak, txaloak... balkoi eta leihoetara ateratzeko deia luzatu du.

Santutxu ere haurren alde

OinHerriren deialdiarekin bat egin eta Santutxuko Hezkuntza Plataformak dinamika propioa proposatu die oraingoan auzoko gazteenei. Batetik, igandera bitarte etxeetan egindako bideotxoak saretzeko eskaera egin du. Haurrak euren aldarrikapen, dantza, irudi, txalo edo dena delakoekin bideotxoak grabatu eta plataformari bidaltzeko proposatu dute (stxauzohezitzailea@gmail.com); horrela, auzoko hainbat gaztetxoren ekarpenekin bideo bat egiteko asmoarekin.

Horretaz gain, Euskal Herriko gainontzeko auzo eta herrietan bezalaxe, Santuxun ere, igande eguerdian, balkoi eta leihoetara irtetzeko gonbitea luzatu du Hezkuntza Plataformak.