Josu Aranbarri, Piztiak: “Sinesten dugu gure lanean, uste dugu oso disko ona egingo dugula”

uriola.eus 2015ko urt. 14a, 09:50

Ezkerrean, Josu Aranbarri, Piztiak taldeko baxu-jotzaile eta abeslaria

‘U’ izena izango du Piztiak taldearen disko berriak. 10-11 kantu Josu Aranbarri eta Txomin Uriberen musikarekin eta bi horien eta Kirmen Uriberen testuekin osatuak. Finantziazio gisa, Internetera jo du taldeak, crowdfunding-era.

Piztiak taldearen hurrengo diskoa finantzatzeko crowdfunding-era jo duzue. Lortu duzue ezarritako helburua?

1.500 euroan ezarri genuen helburua, izatez, hori helburu minimoa da diskoa grabatzeko diru gehiago behar baitugu. Heldu gara minimora, biba zuek! Horrek esan nahi du dirua jasoko dugula. Oraindik egunak daude, urtarrilaren 24an amaitzen da kanpaina. Ea estudioko egun gehiago, nahasketak eta liburuxka potoloago bat egiteko beste ateratzen dugun. Abestiak oso ondo geratzen ari dira, baina egun gehiago behar... Zuen laguntzarekin sekulako lana egingo dugu, denona izango den lana. Izan gutako bat, parte hartu eta zabaldu mezua ahalik eta gehien.

Zergatik aukeratu duzue Internet bidezko diru bilketa modua?

Lehenagotik ezagutzen nuen crowdfundinga beste lagun batzuk ere egin dutelako. Parte hartu izan dut dirua ematen; beste aldean ere egon izan naiz. Orain arte diskoen salmentetatik eta kontzertuetatik lortu dugu hurrengo diskoa finantzatzea. Baina aurrekoarekin, krisia dela eta ez dela, pixka bat herren ibili ginen, eta pentsatu dugu arrantzatu baino lehen arraina saltzea.

Zertarako erabiliko duzue jendeak emandako dirua?

Mikromezenasgo kanpainari dagokionez, jendearen ekarpena grabazio estudioaren zati bat ordaintzeko erabiliko dugu. Guk estudio eta teknikaria ordaintzeko geratuko den zatia, edizioa, zabaltzea, materiala, eta beti sortzen diren bestelako gastuak hartuko ditugu gure gain.

Diru-laguntza ematen duenari Piztiak taldeak zerbait emango dio. Zer?

Gabeko Kalapitxixak erakusketan egon ziren artelanak. Nireak dira pieza denak. Batzuk arkatzez egindako marrazkiak dira, tintaz egindakoak, olioak, argazkiak... eta sari gehiago ere egongo da azken txanpan. Urte berri, sari berri!

Bai ala bai, urtarrilaren 2tik Piztiak estudioan sartu da diskoa grabatzen.

Itsu-itsuan saltoa ematea pentsatu dugu, nolabait, fidatzen garelako. Gainera, estudioko data aurretik hartu beharra dago. Jose Lastra (Zea Mays, Ama say, Split 77…) ari da grabaketa zuzentzen.

Zelakoa da Tio Pepe estudioan grabatzen ari zareten diskoa?

Alde batetik pixka bat desberdina da, baina gu gara, Piztiak garela nabaritzen da. Aspaldiko partez, Jesus Galan dago gitarra jotzen eta horrek beste indar bat ematen dio, beste aire bat. Baditugu kolaboratzaile gehiago, esaterako, Santutxuko Urtzi Lee (Urtzi Aio). Abestiak apur bat denetarikoak dira: rocka, country puntu bat dutenak... ea zelan geratzen diren. Maketan eta entseguetan ondo geratu dira.

Zenbat denbora emango duzue estudioan? Noiz entzungo dugu diskoa?

Segun. Estudioan egun batzuk hartu ditugu, baina ondo egiteko, berez, egun gehiago beharko genituzke. Ea lortzen dugun. Martxorako, edo, diskoa kalean egongo da.

Piztiak taldearen zenbatgarren lana izango da?

Zazpigarrena edo zortzigarrena, ez dakit ziur, kontua galduta nago.

Autoekoiztutako diskoa izango da?

Bai, aurrekoarekin esperientzia ona izan genuen. Ardura hori hartu genuen gure gain eta aurrera atera genuenez pentsatu dugu hau ere ahalko dugula guk atera. Buztenbaltza izenpean aterako dugu. Askatasunak bere prezioa dauka, norberak erabaki beharreko zerbait da autoekoizpenera jotzeak merezi duen.

Piztiak animotsu dago erronka berriarekin?

Pozik gaude, ilusio handiarekin. Sinesten dugu gure lanean, uste dugu oso disko ona egingo dugula. Horregatik jarraitzen dugu. Ez baduzu zuk zure gauzetan sinesten, zertan zabiltza?

Desiorik?

Ea jendea animatzen den, proiektu interesgarri baten parte izan daitezke!

 

http://vkm.is/piztiak