Besarkada eta musu artean hartu zuten Zalakain presondegitik irtetean. Lore-sorta, txapela eta makila oparitu zizkioten, eta opariak buruan eta eskuan ageri da espetxetik kanpo eman dituen lehen uneetan ateratako argazkietan.
Igandea izaki, senide eta lagun ugari bertaratu ziren Dueñasera (Palencia) Zalakaini harrera egitera. Besteak beste, lankide izan dituen unibertsitateko irakasleak edota berarekin batera 18/98 auzian zigortuak izan ziren eta egun aske dauden Pablo Gorostiaga, Murga anaiak eta Jose Luis Elkoro.
Palenciatik Santutxura
Arratsaldean, Zalakainen auzoan, Santutxun -jaiotzez tolosarra den arren, urtetan bizi izan da Santutxun Zalakain-, ongietorria eman zioten hainbat lagunek. 'Urratsez urrats, euskal preso eta iheslariak etxera! Santutxun bat gutxiago' lelopean auzotar ugari bildu ziren zortzi urte preso eman dituen kazetari eta irakasleari harrera beroa eskaintzera.
Egin egunkariko administrazio-kontseiluko kide izateagatik 18/98 sumarioan zigortua
1998ko uztailaren 15ean eman zuen Baltasar Garzonek, orduan Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile zenak, Egin egunkaria eta Egin irratia ixteko agindua, eta handik zazpi urtera hasi zen 18/98 makrosumarioaren kontrako epaiketa, 2005eko azaroan. 2009an emandako epaian, 38 lagun zigortu zituen Espainiako Auzitegi Gorenak. Tartean zen Zalakain. Egin egunkariko administrazio-kontseiluko kide izateagatik zigortu zuten Zalakain eta zigorra osorik bete ostea atera da libre.
Jose Luis Elkoro eta Jexuxmari Zalakainen askatasunaren ostean, Egin egunkariaren beste bi arduradunek jarraitzen dute oraindik orain espetxean, Jabier Salutregik eta Carlos Trenorrek. Baita makrosumario berean zigortutako Joxean Etxeberriak, Bixente Askasibarrek, Txema Matanzasek, Juan Mari Mendizabalek eta Elena Belokik ere.
Ibilbidea
Euskal herritar irakaslea, kazetaritzan doktorea, euskaltzalea, idazlea eta kazetaria da Jexuxmari Zalakain. Zinematografian diplomatua ere bada. Euskarazko prentsako bultzatzaile gisa eta kazetaritzako gaiak euskaraz ezagutarazteko testuak egiteko lanean nabarmendu da. Horren adibidea da 1992an defendatu zuen bere doktorego tesia, 'Euskal prentsa herri proiektua da' izenekoa. Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-basean, berak idatzitako 30 lan baino gehiago dira.
Egin egunkarian (1982-1986), Anaitasuna, Jakin, Argia, Misión Abierta (1978-1987), Herria 2000 Eliza eta Uztaro aldizkarietan parte hartu zuen. Udako Euskal Unibertsitateko Kazetaritzako sailburua izan zen hainbat urtetan, Euskaldunon Egunkaria egunkaria sortu zuen Egunkaria Sortzen ekimeneko sustatzailea ere bai.
Beste irakasle batzuekin batera, 1992-2007 bitartean EHUtik kaleratua izan zen, haren kontratazio-sistema ez onartzeagatik. Bizitako esperientzia Historia de una pancarta (Pankarta baten istorioa) liburuan jaso zuten.
18/98 auzian epaitu zuten Zalakain Egin egunkariko administrazio-kontseiluko kide izateagatik. Preso eman ditu zortzi urte.
2012an Barrura begiratzeko leihoak dokumentaleko bost preso protagonistetako bat izan zen.
Iturria: eu.wikipedia.org/wiki/Jexuxmari_Zalakain
[2015-09-23] Iritzia: Nola ez da nire laguna izango?
[2015-09-22] Jexuxmari Zalakaini igandean egingo diote ongietorria Santutxun