Sustrai, Jone, Alaia eta Ametsen txanda

uriola.eus 2017ko mai. 12a, 08:22

Bihar, larunbata, Udaberriko Bertso Saioen bigarren hitzordua izango dute bertsozaleek Karmelo plazan 13:00etan. 

Ikus-entzuleek Sustrai Colina iparraldeko txapeldun eta Euskal Herriko txapelketan lau aldiz finalista izan denaz, Jone Uriaz eta Alaia Martinez eta Amets Arzallus egungo Euskal Herriko txapeldunaz gozatu ahal izango dute bihar, maiatzak 13, Santutxun, Karmelo plazan, aire zabalean. 

Karmelo plazan eskainiko den hirugarren eta azken saioa maiatzaren 20an izango da, eta bertan, Bizkaiko txapeldun birritan izan den Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue egungo Bizkaiko txapelduna, Igor Elortza eta Andoni Egaña lau bider Euskal Herriko txapeldun nagusi izandakoa arituko dira. Ohikoa denez, Santutxuko Bertso Eskola izango da gai jartzailea.

Egitaraua maiatzaren 25ean amaituko da, Bertso-poteoaren beste edizio batekin, 20:00etatik 23:00etara, Santutxu auzoko hainbat aisia gunetatik (El Rincon, Gaineko, Txikia, Bilbo 82 eta Aitor tabernak). Bertso-poteoan, Bizkaiko txapelketan hainbat bider finalista izan diren Oihana Bartra eta Onintza Enbeita eta Fredi Paia 2015eko Bizkaiko txapeldunak osatutako hirukotea arituko da.

Azpimarratzekoa da aurtengo Udaberriko Udaberriko Bertso Saioak egitarauan emakumeek duten presentzia garrantzitsua, bertsolaritzaren panoraman emakumeak %15 inguru badira, Udaberriko Bertso Saioak egitarauan presentzia hori %50ekoa da.