Oihana Bartra: "Gogotsu eta pozik noa finalera”

Axular Arostegi 2023ko abe. 13a, 09:50

Larunbatean, abenduaren 16an, 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala jokatuko da Miribillako Bilbao Arenan. Kantuan arituko diren zortzi bertsolarietatik, bada bilbotar bat, Santutxukoa hain zuzen: Oihana Bartra. Hala, finala iristear dagoen honetan, berarekin izan gara larunbateko saioa aurretik, txapelketari eta azken egunetako sentsazioei buruz hitz egiteko.

Larunbateko finalerako, zer-nolako gorputzaldia daukazu?

Nahiko pozik eta gogotsu noa, egia esan. Horretaz gain, apur bat nerbiosa ere banago, baina nerbio onak, nolabait esanda. Orain arteko nerbioak uste dut ez direla horren onak izan, presiozko nerbioak baitziren. Momentu honetan, ordea, esango nuke ardurarekin eta esposizioarekin lotuago daudela. Beraz, esan bezala, gogotsu eta pozik noa finalera.

“Orain arteko nerbioak uste dut ez direla horren onak izan, presiozko nerbioak baitziren"

Aurretik finalean kantatutakoa zara, 2014an hain zuzen. Alde horretatik, zer suposatu du zuretzat berriz ere finalera sartzeak?

Bederatzi urte pasa dira aurreko finaletik. Neurri batean haserretu nau horrela sentitzeak, baina nolabaiteko reafirmazio bat sentitzea izan da. Haserrea diot ez dudalako uste txapelketak bertsolari hobea edo txarragoa zarela markatzen duenik. Edozelan ere, neurri batean bada modu bat esateko “hemen jarraitzen dut” eta nire lekutxo hau egiten jarraitzeko.

“Ez dut uste txapelketak bertsolari hobea edo txarragoa zarela markatzen duenik” 

Lemoan jokatu zen azken finalaurrekoan kantatzea tokatu zitzaizun. Era horretan, saioan bertan jakin zenuen finalera sailkatu zinela. Nolakoa izan zen une hori?

Saio osoa oso berezia izan zen, giro oso onean gertatu zelako eta bertsokide gertukoak izan nituelako. Izugarrizko emozioa eragin zidan saioko lau bertsolarik aurrera egingo genuela jakiteak. Horregatik, momentu benetan polita eta berezia izan zen niretzako.

“Izugarrizko emozioa eragin zidan saioko lau bertsolarik aurrera egingo genuela jakiteak” 

Zortzi bertsolari izango zarete finalean, horietatik bost emakume. Horrek berritasun handia suposatzen du aurreko edizioekin alderatuta. Bi hamarkadako ibilbidearen ostean, zer sentsazio eragiten dizu?

Esan duzun bezala, azken finalak kontuan hartuta, aldaketa asko egon dira aurten, bai emakume kopuruan, bai bertsolarietan euretan ere. Lehen aldia izango da finalean emakume gehiago dagoena, baina finalaren prentsasurrekoan Jonek esan berri du datu bat oso esanguratsua iruditu zaidana: azken 20 urteetako finalaurrekoetan zazpi emakume baino ez garela egon. Alegia, inoiz ez da kopuru hori gainditu. Beraz, aurrerapausoak eman ditugu, lehen baino egoera hobe batean gaude, baina argi dago datu batzuek beste batzuk izkutatzen dituztela. Eta garrantzitsua da horiek ere presente izatea.

“Argi dago datu batzuek beste batzuk izkutatzen dituztela. Eta garrantzitsua da horiek ere presente izatea” 

Zortzi bertsolarien artean bilbotar bakarra zara. Nolakoa da egungo bertsolaritzaren egoera Bilbon?

Egia da plazako bertsolariak ez garela asko Bilbon. Baina, era berean, garrantzitsua da esatea Bilbon bertsoaren inguruan mugimendu bat dagoela antolatuta, badaude bertso eskolak, badago Kafe Antzokiko Potojorran, Señora bertso eskola… Hortaz, badago giro bat. Gainera, udaberriko saioak antolatzen dira, baita Bilboko jaietan Santiago Plazan ere. Horregatik diot mugimendua dagoela, baina uste dut badagoela zeregina ere. Alegia, badugula Bilbon bat-bateko bertsolariak ateratzeko ordua.

“Garrantzitsua da esatea Bilbon bertsoaren inguruan mugimendu bat dagoela antolatuta” 

Larunbatean, ibilbide luzeko bertsolariak ez ezik, aurpegi berriak ere izango dira finaleko oholtzan. Horien artean, Aissa Intxausti. Lemoako finalaurrekoan zurekin batera Santutxuko bertso eskolako esperientzia aipatu zuen. Zer eragiten dizu larunbatean berarekin kantatzeak?

Hala da bai, Santutxun kointziditu genuen. Niretzako oso pozgarria da bera ere Miribillako oholtzan egotea, beste belaunaldi bateko bertsolari bat delako, beste estilo batekoa, kristoren alaitasuna ekartzen duena… Horregatik diot uste dudala asko aportatuko duela finalean.

Azkenik, Bego Iturrizak jantziko dio irabazleari txapela. Bilboko euskalgintzan eta bertsolaritzan izan duen pisua kontuan hartuta, suposatzen zuretzako berezia izango dela?

Oso polita dela uste dut halako lanari errekonozimendua egitea, horren zailak izan ziren hasierako lan horietan aritu zirenei eskertza bat egitea. Azken finean, uste dut garrantzitsua dela eskertzea orain gauden lekura iristeko beste batzuek egindako lan hori.

“Uste dut garrantzitsua dela eskertzea orain gauden lekura iristeko beste batzuek egindako lan hori”