Bestiak Karmelako liburutegiko bildumaren laurden bat falta da

uriola.eus 2024ko urt. 26a, 12:44
Argazkia: Bestiak

Bestiak liburutegi autogestionatuak 500 liburu falta zaizkiela azaldu du sareen bidez

Gaur goizean sare sozialaren bidez jakinarazi dute Bestiak liburutegiko kideek, abenduan 23an egin zuten zenbaketa batean, liburutegitik 500 bat liburu falta zitzaizkiela jakin zutela. Azaldu duten bezala, haiena “proiektu okupatu eta autogestionatua da”; badute fitxa sistema batez eginiko mailegutza sistema libre bat, helbide elektroniko bidez liburuen jarraipena egiten dute baita, baina haien hitzetan “gu ez gara liburuen kartzeleroak, edo ezagutzaren zirkulazioaren poliziak”.

Liburuen eta ezagutzaren zirkulazio librearen aldeko hautua egiten du liburutegiak, honen oztopo handiena da norbanakoen liburuak gordetzeko “kapitalismoaren pultsio akumulatzaile eta pribatizatzailea”. Libreki eskeintzen duten bildumaren osaketari ematen diote garrantzia; zapalkuntza edo ikusezintasuna pairatu izan duten kolektibo edo mugimenduetako autoreei espazioa eskeini eta haien lanaren aitortza egitea da ekimenaren xedea, eta bilduma hori pertsona guztientzat eskuragarri izatea, horretarako funtsezkoa da irakurleek liburuak itzultzeko erantzukizuna hartzea..

Lankidetzara deia

Orain arte ez dute diruz libururik lortu, herri mugimenduetatik, autoreengandik, auzokideengandik edota argitaletxeengandik jaso dituzten liburuez osatu dute bilduma. Galdutako liburuak ezin dituztela erosiz ordezkatu diote, eta dei egin die auzokode, argitaletxe, autore eta herri mugimenduei interesa izan dezaketen libururik izan ezkero, Karmelako liburutegiari uzteko. Horren truk Bestiak liburutegiak “inoiz izan duten etxerik duinena” emango diela azaldu dute, baita sareetan zein Bilbo Hiria irratian gomendatu, Udaberri Bestialean aurkeztu eta laister Argian ere iruzkinduko dituztela ere. Libururik utzi nahi ezkero liburutegia@karmela.eus helbidera idatzi, “maitasun iraultzailez” eskertuko dute Karmelako liburutegiko kideek.