Euskal industriaren egoera larria salatu dute Confesbasken egoitza aurrean

uriola.eus 2014ko api. 11a, 18:06

Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako industriako ordezkariek protestaldia burutu dute gaur goizean LAB sindikatuak deituta Bilbon, Arriagatik Confebasken egoitzaraino. Euskal Herriko ehun industriala eta hitzarmenen defentsa izan ditu ardatz mobilizazioak. Ehun bat pertsonek parte hartu dute ibilbidean.

Gure industriaren defentsan, hitzarmenak orain”, “Irtenbide bakarra, negoziazioa!” eta “Confebask, lapurrak!” bezalako oihuak kaleratu dituzte gaur Bilboko Kale Nagusian hainbat langilek. Industriaren defentsa eta enpleguaren aldeko borroka plazaratzea izan dute helburu. LAB sindikatuaren aburuz industriagintza erregulatu gabe dago, hitzarmenik ez dago eta horrek deslokalizazioa dakar. "Eusko Jaurlaritzaren inbertsio plan zehatzen faltak enpresen itxiera bultzatzen ari da", adierazi dute.

Manifestazioa Confebasken egoitzaren aurrean bukatu da eguerdian. Bertan, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak adierazpenak eskaini ditu eta haren atzetik ekimenari amaiera eman dio Asier Imazek, Industria Federazioko idazkariak, interbentzio batekin. Confebaskek botere ekonomiko finantzarioa soilik defendatzen duela salatu du Etxaidek eta bukatutzat eman du industrian oinarritutako garai ekonomikoa. “Industria motor ekonomiko bezala finikitatzen ari dira eta enpresen itxiera bilatzen dute, ez enpleguak salbatzea”.