Eusko Jaurlaritzak ezarritako murrizketen aurkako prozesioa kalera atera du Berri Otxoak

uriola.eus 2014ko api. 15a, 11:25
Aste Santua dela eta, Murrizketa Jaun Gorenaren prozesioa Bilbon zehar ibili da gaur goizean “Zerbitzu sozial duinengatik, murrizketa gehiagorik ez” lelopean. Berri Otxoa plataformak era honetan salatu ditu Eusko Jaurlaritzaren eta Lanbideren "tratu txarrak" hiritarrekiko. Bizkaia plazan hasi da prozesioa kapirote, gerriko eta Aste Santuko bestelako ezaugarriak soinean zituztela.

Ibilbide osoa saetak abesten eta negarka egin dute bilbotarren jakin-mina piztuz eta horrela lortu dute Berri Otxoak plataformako kideek pankartaren atzean jendea biltzea. Alondegitik Rekalde zumarkalea hartu dute Moyua plazaraino, eta handik Eusko Jaurlaritzak Kale Nagusian duen ordezkaritzak duen egoitzara hurbildu dira.

Berri Otxoa plataformaren izenean Javier Sierrak adierazi du mobilizazioaren bidez Eusko Jaurlaritzak ezarritako murrizketak errefusatu nahi dituztela. Besteak beste, Lanbiden DBE (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta) laguntza jaso ahal izateko "baldintzak gogortu dituztela" salatu du eta ondorioz, hainbat pertsona Segurantza Sozialetik at geratuko direla. Sierrak plazaratu nahi izan du, “bizi dugun krisi egoera honetan, murrizketak baino diru laguntzen premia” duela gizarteak.

La Naval, itxieraren beldur

Eusko Jaurlaritzaren egoitza aurrean La Navaleko langileen protestaldiarekin bat egin dute. Aldarrikapen berdintsua izan dute biak ala biek; murrizketa gutxiago eta lan gehiago eskatu dute. La Navaleko ordezkariak “laguntzarik gabe eta bakarrik" sentitzen dira: "Enpresaburuak hitz egiteko eta laguntzeko beti daude prest, baina langileekin hitz egiteko orduan beti daukate beste zeregin garrantzitsuago bat”. La Navalek Euskalduna ontziolaren bide berbera hartuko duelakoan daude, "enpresaren itxiera eta enpleguen desagerpena" datorkiela. Euren burua kalean ikusten dute.