‘Euskararen Bilbo. Itun berri baterako proposamena’ aurkeztu die EAJk beste alderdiei

uriola.eus 2014ko api. 15a, 11:08
Iturria: Bilboko Udala
Lan bilera irekian, Sabin Anuzita Euskara zinegotziak "lehentasunezko" eta "oinarri-oinarrizko" 14 lan-ildo proposatu dizkie gainontzeko alderdietako ordezkariei "denon ardura delako euskararen normalizazioa lortzea, denontzako delako hizkuntzen arteko orekak herritarren arteko bizikidetzari ematen dion hauspoa".

Ramon Saizarbitoriaren hausnarketa du abiapuntu Sabin Anuzita Euskara zinegotziak gainontzeko alderdietako ordezkariei gaur aurkeztu dien ‘Euskararen Bilbo. Itun berri baterako proposamena’ izeneko txostenak. "Uste dut salbazioa Bilbon dagoela. Bilbon salbatuko gara, edo ez gara salbatuko" dio idazle donostiarrak. Anuzitaren esanetan "salbazioaz, gure salbazioaz, ari da Ramon Saizarbitoria txosten honen hasierako aipuan, non eta Bilbon ei dago salbatzeko gakoa. Erantzukizun handia jartzen digu idazle donostiarrak, Bilbori eta bilbotarroi, Bilboko erakundeei, publiko nahiz pribatuak, eta herritarroi. Denoi. Denon ardura delako euskararen normalizazioa lortzea, denontzako delako hizkuntzen arteko orekak herritarren arteko bizikidetzari ematen dion hauspoa".

Atal nagusi bitan egituratzen da txostena. Alde batetik, euskarak Bilbon bizi duen errealitatea eta egoera lantzen du eta, bestetik, datozen urteotan euskararen normalizazioa egingarri bihurtzeko finkatu behar diren printzipio nagusiak aipatzen ditu. "Zorroztasunez, jarrera eraikitzailez eta irakurketa ezkor eta etsigarriei ihes eginez" garatu du lana Euskara Sailak. "Euskararen normalizazio prozesua konplexua da, ez da egun batetik bestera lortuko den zerbait, izan ere, lan honetan begi bat jarri diogu azken hogeita hamar urteotan ibili dugun bideari, baina beste begia etorkizunean jorratu, konpartitu eta adostu nahi ditugun ildo nagusiei". Bide luzea egin du euskarak eta "asko falta zaigula" aitortu du Anuzitak. Normalizazioaren ideia irudikatzeko “betetzen ari den botilaren” metafora erabili du, "parte bat egin dugu baina oraindik betetzen ari zaigu euskararen egoera normalizatuaren botila".

2008an ‘Euskara 21’ prozesua abian jarri zen eta ondorioz Itun berritu baterantz’ izeneko txostena izan da lan honen abiapuntua, "betiere Bilboko betaurrekoekin begiratuta, eta batez ere, Bilborako": Egindakotik ikasi, egungo egoera eta indarrak kontuan hartu eta "etorkizuna irabazteko helduleku sendoak zehaztu" ditra txostenean. Oinarri-oinarrizkoak izan direnak proposatu dituzte lehentasunezko ildo nagusietarako. Ildo horiei ekarpenak egiteko proposamena luzatu die Anuzitak gainontzeko alderdiei. EAJren helburua adostasun ahalik eta handiena lortzea da eta bihar egun Bilboko Euskararen Kontseilua sortzea.

 
Lehentasunezko ildoak, ‘Euskararen Bilbo’ txostenaren arabera

1. Euskararen ezagupena eta erabilera belaunaldi berrietan bermatzea.
2. Euskara ohiko hizkuntza izango duten arnasgune eta funtzioak zaindu, indartu eta hedatzea, euskararen belaunez belauneko transmisioa bermatzeko eta erreferentzialtasun soziala indartzeko. Azken batean, helburua ez baita euskararen ezagutza zabaltzea, besterik gabe, baizik eta euskal hiztunak sortzea.
3. Familia-transmisioa bermatzea, oso bereziki 25 urte barru izango diren 30 urtez azpiko gazte elebidunek euskara ere izan dezaten etxeko hizkuntza. Hauxe dugu etorkizunaren gako nagusia.
4. Euskal hiztunen erkidegoa trinkotzea, euskararen erabilerarako sare operatibo presentzialak zein birtualak hedatuz eta indartuz.
5. Bilbon euskara erabiltzeko aukerak areagotzea, familia euskaldunei, gazteei eta haurrei lehentasuna emanez.
6. Elebitasun pasiboa helduen munduan –eta gutxieneko helburutzat areagotzea eta prestigiatzea.
7. Euskarazko kultura kontsumoa indartzea, euskal kultura industria, ekoizle eta sortzaileekiko ikuspegi askatzaile batetik.
8. Euskara eta haren munduak etorkinengana hurbiltzea, hauen integrazio zabala eta aberasgarria ahalbidetzeko eta euskara erabilera-eremu demografikoki dinamikoetara hurbiltzeko xedez.
9. Euskaraz komunikatzeko estandarrak malgutzea eta aberastea, hiztun berrien adierazkortasunaren mesedetan. Zuzentasunaren irizpide bakarretik komunikagarritasunarenera eta adierazkortasunarenera igarotzea.
10. Hizkuntza eskubideak eremu publikoan aitortzeko ez ezik errespetatzeko bidean, euskara erabiltzeko aukerak bermatzea.
11. Euskararen erakargarritasuna lantzea eta era egokian proiektatzea: euskarak mundu ugari ditu bere baitan, eta euskarara datozenen munduentzako tokirik ere badu bere barnean. Proiektatzen dugun baino anizkoitzagoa da euskararen unibertsoa, eta are anizkoitzagoa egin beharra dugu, gizartearen pare anizkoitza izatera iritsiko bada.
12. Euskararen irudiari prestigioa ematea, kultura eta komunikazioaren alorreko lorpenak garbi proiektatuz, batetik, eta, bestetik, euskal gizartearen kohesiorako osagai ezinbestekoa dela praktikan eta diskurtso publikoan adieraziz.
13. Hizkuntzaren teknologiak (informazio eta komunikazioaren teknologiak euskararen garapenerako baliatzea), sarerako euskarazko edukiak sortzea eta komunikaziorako sare birtualak era egokian baliatzea, euskararen normalkuntza eta erabilera aukeren mesedetan. Izan ere, euskarak informazio eta komunikazioaren teknologiez baliatu behar ditu, horixe baitu ezinbesteko baldintza hizkuntza guztiz garatua izatera iristeko.
14. Hizkuntza politikaren inguruko akordiorik zabalena etengabe elikatu eta sendotzea, euskararen biziberritzea eta kohesio soziala estu lotuko dituen itun berritu baten bila.

 

Erantzun batzuk

"Oso laburra" izan den batzarrean beste alderdietako ordezkariek izan dute denbora ‘Euskararen Bilbo’ txostenari buruz bi hitz egiteko. PSEren esanetan euskararen normaltasunerako bidean "adostasuna bilatu behar da" eta EH Bilduren arabera "hitzak baino konpromisoak behar dira". PP alderdiak ez du adierazpenik egin.

‘Euskararen Bilbo txostena bigarren batzar batean sakonago jorratzekoak dira udal ordezkariak, baina ez dute zehaztu noiz izango duten hurrengo hitzordu hori.

Lan bilera irekiak

Ezohiko agerraldia izan da gaur goizekoa. Komunikabideok zinegotzien lan bileraren lekuko izan baikara. Askoren arteko lehena izan da, aurrerantzean Bilboko Udalak zinegotzien eguneroko lana gertutik jarraitzeko aukera eskainiko die hedabideei. Beste gela batetik, streamming bidez, jasoko dute kazetariek gai jakinen inguruko zenbait batzarren berri. "Proiektuen jarraipena", "fasekako neurketa" eta "kontrola" ahalbidetzen du sistema honek udal komunikazio lantaldeko kide baten arabera.

"Froga" izan da gaurko saioa, eta ez da ondo irten. Streammingak ez du funtzionatu eta kazetariek ezin izan dute batzarraren jarraipena egin. Horregatik Sabin Anuzita zinegotziak batzarrean aurkeztutako txosteneko ildo nagusiak bere Facebookeko profilean argitaratu ditu.