Sakabanaketaren politikak 25 urte bete dituela gaitzetsi dute Gobernu ordezkaritzaren aurrean

uriola.eus 2014ko mai. 15a, 14:22

Etxeratek elkarretaratzea egin du eguerdian plaza Eliptikoan, euskal preso politikoei dispertsioa aplikatzen zaiela 25 urte bete direla salatzeko. Jendetza bildu da bertan, "25 urte gure bizitzekin jolasten! Aski da!" lelopean.

Etxeratek deitutako deialdiarekin bat egin dute hainbat gizarte eragile eta norbanakok dispertsioaren 25. urteurrena errefusatzeko. Etxeratek azaldu duenez, dispertsioa martxan jarri zuten "euskal preso politikoen kolektiboa apurtzeko eta preso bakoitza suntsitzeko". Elkartetik azpimarratu dutenez, egun, "ez bata ez bestea ez dute lortu".

Halaber, dispertsioak ekarritako oinarrizko eskubide zibilen etengabeko urraketak diren sakabanaketa, isolamendua eta indefentsioa arbuiatu dituzte. Adierazi dutenez, "dispetsio politikak gaur ez du inolako lekurik eta 25 urte betetzea onartezina da". Deitzaileen esanetan, ETAk borroka armatua betirako utzi zuenetik preso politikoen bizi baldintzak okertu egin dira kasu askotan, eta "sakabanaketarekin amaitzea da egoera horri buelta emateko bidea".

Euskal jendartearen gehiengoaren nahiari erantzuteko, "dispertsioarekin amaitzea lehentasunezko helburu izan behar dela" gehitu du Etxeratetik.