Erakunde anarkosindikalistak bere eskaerak aldarrikatu ditu beste behin ere Bilboko hotelaren aurrean eginiko azken elkarretaratzean. Patronalaren oldarraldien aurkako eta langile eskubideen defentsaren aldeko leloen artean, CNTk bere jarrera tinkoa azaldu du ekintzak mantentzeko asmoa adieraziz, "enpresa elkarrizketarako prest agertu arte". Elkarrizketarik ezean –azpimarratu du-, "borroka egongo da".
Zentzu honetan, sindikatuak ohartarazi du Hoteles Ercillak "enpresa hitzarmena indargabetu duela eta ondorioz, langileek lan eta soldata murrizketak nozitu dituztela". Egoera honen aurrean, konpainiak "neurri hau berrikusi dezala, eta sortu ez dugun krisia guk ordaintzeko asmoak albora ditzala" eskatu du CNTk. "Ez dugu onartuko langileek enpresa kudeaketa oker baten ondorioak jasan behar izatea", esan du zentral anarkosindikalistak.