Deustuko bi grebalariak espetxeratu ez ditzaten ekimen ikusgarria egin dute plaza Eliptikoan

uriola.eus 2014ko eka. 18a, 13:57
Atzo arratsaldean, ekimen berezia egin zuen lagun talde batek plaza Eliptikoan, Urtzi Martinez eta Jon Telletxea kartzelaratuak izango diren bi grebalariei babesa adierazteko. Bi autobusetara igo; gazteen askatasuna galdegiten zuten pankartak atera eta bengalak piztu zituzten.

Arratsaldeko 19:30ak aldera, Eliptika plaza inguruan, hainbat lagun pilatzen hasi ziren. Jarraian, bi autobus geldiarazi zituzten eta hauen goikaldera igo ondoren, bengalak piztu eta "Urtzi eta Telle aske!" zioten pankartak ireki zituzten. "Grebalariak aurrera!" garrasiak plaza osora zabaldu ziren.

Bi gazteek 2012ko martxoaren 29ko greba orokorrean pintadak egiteagatik 15 hilabeteko espetxe zigorrari aurre egin beharko diote; desordena publikoa egitea egotzita.

Egoera honen aurrean, Grebalariak Aske! plataformak prentsa agerraldia eskaini zuen atzo goizean, Done Petri plazan. Bertan, kondena gaitzetsi eta hurrengo egunetako mobilizazioen berri eman zuten. Bihar, ekainak 19, 20:00etan, kontzentrazioa egongo da Arangoitiko Egileor plazan, eta hilaren 25en, asteazkena, 19:30ean, Bilbo mailako manifestazioa abiatuko da Jesusen Bihotzetik.

[2014/06/13] Espetxe zigorra jaso duten bi grebalariei elkartasun agertzeko manifestazioa deitu dute

[2014/06/16] Grebalariak Aske! plataformak gaur emango ditu hurrengo mobilizazioen xehetasunak

[2014/06/17] "Herri baten eskubideen defentsan kaleak hartzeagatik kartzela zigorrari aurre egin beharko diote Urtzi eta Tellek"