15:00 pasatxo zirenean 100 bat lagun Kale Nagusiko BBKren egoitza nagusian sartzen ahalegindu dira. Eraikina babesten ari ziren ertzainek sarrera galerazi diete bultzaka eta kolpeka. Zaurituak izan dira eta pertsona bi identifikatuak. Protestaldiko partaide guztiak bideoz grabatu ditu Ertzaintzak.
Lurrean eseri dira orduan protestan ari zirenak, eta "BBK lapurrak" eta "BBK publikoa eta soziala" oihuka hartu dituzte BBKren Batzar Nagusira sartu diren ordezkariak.
15:20ean ertzain gehiago heldu dira eta 15:30ean manifestari gehiago. Azken hauek Gune plataformak eta Bizkaiko PAH Kaleratzerik Ez elkarteak eginiko deialdiei erantzun diete, eta "Euskal Herrian sistema finantziero publikoa. Gure aurrezkiak ez ukitu. Kutxabanken pribatizaziorik ez!" dioen pankarta zabaldu dute Kale Nagusian.
EH Bilduko Arantza Urkaregik BBKren Batzar Nagusira sartu aurretik adierazi du fundazio bihurtzeko erabakia "atzeratzen" ahaleginduko direla. "Bozkatzera behartuko gaituzten arren, guk uneoro ezezkoa emango dugu eta, batik bat, 9. puntuari, pribatizazioaren puntuari". Urkaregik eta EH Bilduko gainerako ordezkariek "Kutxabank publikoa" dioen kamiseta jantzita parte hartu dute batzarrean.
@argia-k jakinarazi duenez, kazetariei "batzarrean egotea galarazi" zaie.
BBK, kutxa izatetik fundazio izatera
Arratsaldean BBK-ren Batzar Nagusiak estatutu berriak onartu eta patronatuko 15 kide hautatuko ditu. Aurrerantzean ez da aurrezki kutxa izango, fundazio izango da. EAJ, PP, PSEren aldeko botoekin eta CCOOren abstenzioarekin onartuko dute eraldaketa.
Berretsi egingo ditu, 16:00etatik aurrera, BBK-ren Batzar Nagusiaren gehiengoak aurretiaz hartutako erabakiak. Hortaz ez da sorpresarik espero. BBK fundazio izateko estatutuak onartuko dira eta fundazioa zuzenduko duten 15 patronatuko kide hautatuko dira. Eraldaketaren alde bozkatutako dute EAJ, PP eta PSEk. CCOO abstentzioa bozkatzekoa da.
Pribatizazioaren aurkako elkarretaratzeak
15:30ean batu dira Kale Nagusian, BBKren egoitza parean, ehunka herritar Gune plataformaren -Euskal Herriko sindikatu eta gizarte eragileak- eta Bizkaiko PAH Kaleratzerik Ez elkartearen deiari erantzunez. Ordubete eman dute kontzentraturik. 16:30ean pankarta bildu dute, nahiz jendeak ez duen alde egin BBKren egoitza aurretik.
Kaleratzeen kontrako elkarteak joan den astean Madrilen Kutxabankek "hiru seme-alaba dauzkan familia kaleratu" izana salatu du. Elkartearen esanetan, kutxen pribatizazioak aurrera begira zaildu egingo du etxe kaleratzeen negoziaketa prozesua. BBK banketxe pribatu bihurtzean, "gogorrago negoziatuko duela" uste du elkarteak. Ez hori bakarrik, egungo Gizarte Ekintzak "desagertzeko arriskua" duela ere iragarri du.
Salbe zubiko pankarta
Pankarta handi bat eskegi dute gaur 13:00etan Salbe zubitik. "PNV, PP, PSOE lapurrak. Kutxabank publiko eta soziala" zioen pankartak.