BBKren Batzar Nagusiaren gehiengoak, %86ko babesarekin, berretsi zuen, sorpresarik gabe, aurrezki kutxaren eraldaketa. EAJ, PP, PSE eta CCOOk babestu zuten atzo arratsaldean fundazio izaera berria. Hortaz, BBK-k fundazioen erregistroan izena ematea izango du hurrengo pausoa.
Etorkizunean BBKren Gizarte Ekintza zuzenduko duten patronatuko 15 kideak ere hautatu ziren atzoko batzarrean. Ez dira politika arloko pertsonak, abokatuak eta ekonomilariak dira gehienak. 15 kide horiek Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak eta alderdi politikoetako ordezkariek hautatuak izan dira; EH Bilduk ez zuen hautaketan parte hartu.
Iritzi kontrajarriak
Aurrezki kutxen eraldaketa prozesuek orain arte gizartean eta politikan sortu duten zatiketaren isla izan zen atzoko eguna. Eragile guztiek berretsi zuten aurretik defendatutako jarrera eginiko adierazpenetan. EAJ alderdiko ordezkarien esanetan "beharrekoa" zen BBKren eraldaketa, "ez legeak horretara behartzen duelako soilik", baita BBKren "Gizarte Ekintza bermatzeko modu bakarra delako". EH Bildurentzat, berriz, atzoko erabakiarekin BBKren gaineko "kontrol publikoa" desagertuko da eta ELArentzat "oso larria da diru pribatuari bidea zabaltzea".
Elkarretaratzea eta istiluak
15:00 pasatxo zirenean 100 bat lagun Kale Nagusiko BBKren egoitza nagusian sartzen ahalegindu ziren. Eraikina babesten ari ziren ertzainek sarrera galerazi zieten bultzaka eta kolpeka. Zaurituak izan ziren eta pertsona bi identifikatuak. Protestaldiko partaide guztiak bideoz grabatu zituen Ertzaintzak.
Gune plataformak eta Bizkaiko PAH Kaleratzerik Ez elkarteak eginiko deialdiei ehunka pertsonak erantzun zieten, "Euskal Herrian sistema finantziero publikoa. Gure aurrezkiak ez ukitu. Kutxabanken pribatizaziorik ez!" lelopean. "BBK lapurrak" eta "BBK publikoa eta soziala" oihuka hartu zituzten BBKren Batzar Nagusira sartu ziren ordezkariak.
[2014-06-30] Istiluak izan dira BBKren Batzar Nagusiaren atarian