Gaur 12:00etan egingo dute La Salve garagardoaren aurkezpena Jon Ruiz enpresako eragile nagusiak, Maria Perez Yarza eta Naiara Pérez Yarza enpresa sortu zuen familiakideez lagunduta Zabalkunde eraikineko Eraskusketa aretoan. Enpresak berak iragarri duenez, abuztuaren bigarren astean garagardoa merkaturatzeko asmoa dute, Bilboko Aste Nagusirako edaria salgai egon dadin. Halaber, jatorrizko errezeta berreskuratu dute.
Jon Ruizek aditzera eman duenez, Bizkaiko hiriburuan jatorri duen garagardoaren lantegia Zorrotzaurren finkatu nahi dute urtebete barru inguru zabaltzeko, eta, beraz, erakundeekin negoziazio bideak sortuko dituztela adierazi du. Era berean, 20 lanpostu sortuko dituztela iragarri du.
Ekitaldira bertaratuko dira Mariano Gomez Bilboko Udaleko Osasun eta kontsumo zinegotzia, Javier Bicarregi Slowfood Bilbao-Bizkaiko zuzendaria eta Enrique Thate eta Aitor Elizegi, besteak beste.
Logo berria
Gaur kaleratu dute La Salve garagardoaren logo berria, guztiz eraberrituta. Antzinako izaera zuri-beltza alde batera utzi eta diseinu minimalista eta gaurkotua hartu du. Kartela eleanitza izango da, gaztelaniaz, euskaraz eta frantsesez idatzia.