Ramadan aldiko afaria egin zuten bart 30 pertsona inguruk Kale Nagusiko 50. zenbakiaren parean, Espainiako Gobernuak bertan duen Atzerritarren Bulegoaren aurrean. Gaua ere bertan eman dute. Hiru hile baino gehiago daramate euren erresidentzia baimena negoziatzen eta asteroko protestaldiak burutzen. Maula egin dieten pertsonak "aske eta kalteordainak ordaindu gabe daudela" salatu dute. Justizia ere kritikatu dute prozesu judizialak "asko luzatzen direlako" eta bitartean kaltetuek eta lekukoek "paperik gabe jarraitzen dutelako".
Abokatu, kudeatzaile eta enpresari batek maula egin zien 20 bat pertsonari, musulmanak gehienak, eta hori dela eta erabaki zuten SOS Arrazakeria elkartearen babesarik atzo mugagabeko protestaldiari ekitea “Justizia, paperak eta lana” lelopean. Kontzentrazioaren xedea Atzerritarren Bulegoari beraien erresidentzia baimena eta egoera berean dauden beste kolektibo batzuena "luzatzeko" eskaria egitea izan da.
Gaur goizeko asanbladan protesta bertan behera uztea erabaki dute kaltetuak. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi dien bezala erresidentzia baimena eskuratzeko eskari berriak egiteko aukera izango dute. "Aurrera egitea erabaki dute", adierazi du SOS Arrazakeria elkarteko Patxi de la Fuente abokatuak. Bera ez dago itxaropentsu. "Ez dut uste ondo aterako denik", dio eta arazoa konpontzeko administrazioen borondate falta gaitzetsi du: "Borondatea izango balute erraza izango zen orain arte egin dituzten eskariak onartzea. Babes gabe eta explotatzaileen esku uzten ditu paper gabeko pertsonak Atzerritarren Araudiaren egokitze eta malgutasun ezak".
[2014/06/04] Patxi De La Fuente: "Atzerritarrei iruzurra egin ahal zaien mezua zabaltzen ari da"
[2014/05/27] Eserialdia, Atzerritarren Bulegoari erantzukizunez joka dezala eskatzeko