"Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua dira Israelen inpunitatearen erantzule"

uriola.eus 2014ko uzt. 24a, 09:40

Mila lagun inguru batu ziren Bilboko Kale Nagusian, bi astetan bigarrenez, manifestazio zaratasuan. Estatu sionistarekin mantentzen dituen laguntasun harremanengatik eta lotura ekonomikoengatik, bai Eusko Jaurlaritza bai Espainiako Gobernua "Palestinako okupazioaren eta Israelen inpunitatearen erantzule" egin zituzten.  

EAEko eta Espainiako bi erakunde publiko gorenen egoitzak izan zituen atzo arratsaldeko manifestazioak hasiera eta amaiera puntu. Jesusen Bihotzean, manifestazioa hasi orduko "Israel boikot" eta "Palestina askatu" oihuak txalo artean ozen entzun ziren.

Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza aurrean hainbat eskaera luzatu zizkieten manifestariek EAEko gobernuari. Besteak beste, Israeleko estatuari zuzendutako bi. "Erasoen etenaldia", batetik eta, bestetik, "bonbardaketen ondorioz Euskal Agentziak diruz babestutako proiektuek jasandako kalteen ordaina eska diezaiola".

Boikot, Desinbertsio eta Zantsio kanpainako (BDZ) kideen ustez euskal politikariek Europan zeregina eta zeresana dute une honetan. Europako Parlamentuan euskal ordezkari direnei eskakizun zehatza zuzendu diete Israel presionatzeko: "Europak Isralekin dituen lehentasunezko hitzarmena eta lankidetza zientifikorako Horizon 2020 akordioak bertan behera uzteko". 

Bero zegoen arren, 1.000 pertsona inguru batu ziren atzo arratsaldean Israel Gazan egiten ari den "sarraskia" publikoki gaitzesteko. Protestaldiak oso astiro egin zuen aurrera Ertzaintzak manifestazioa hainbat aldiz gelditu baitzuen trafikoa zela eta. Izan ere Kale Nagusian norabide bakarreko erraiak moztuta zeuden, eta ez biak.

Eliptika plazan amaitu zen manifestazioa. Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean. Israeleko estatuarekin "armen salerosketa eteteko" eskatu zitzaien bertan Madrileko ordezkariei. Manifestariek salatu zutenez, Gaza eta Palestina okupatua "arma garapenerako laborategi bezala" erabiltzen ditu Israelek.