Marea beltzak Bilbao Basketek ACB ligan jarraitzeko "denen inplikazioa" eskatu du

uriola.eus 2014ko uzt. 29a, 21:00
Argazkia: AUPA socios BB

'AUPA socios BB' izeneko plataforman bildutako Bilbao Basketeko akziodun txikien deialdiari erantzunez, hainbat lagunek parte hartu zuten atzo arratsaldean Eliptika plazatik udaletxeraino eginiko manifestazioan. "Denei", bai herritar bai erakunde publiko zein pribatuei "inplikazioa" eskatu zieten Bilbao Basketen egoera konpontzeko.

Marea beltza Miribilla pabiloian elkartu ohia da, baina Bilbao Basketen oraina eta geroa kolokan dagoela eta, atzo arratsaldean kalera atera zen. Bilboko Kale Nagusian, kamiseta beltza soinean eta banderola beltza eskuan, asko izan ziren manifestazioan parte hartu zuten saskibaloizaleak.

Zaleen iritziz erakundeek Bilbao Basket lagunduz gero, enpresa pribatuek ere taldea babestuko dute, horregatik eskatu zuten "denen inplikazioa" une korapilotsu honetan.

Izan ere, aste erabakiorra da hau Bilbao Basketentzat behin betiko ACB ligatik kanpo geratuko den edo hurrengo denboraldian bertan jokatzeko aukera izango duen jakitera emango baitu Espainiako kluben elkarteak.

Joan den astelehenean ekin zieten zaleek protestaldiei eguerdian eta arratsaldean udaletxe aurrean elkarretaratzeak burutuz abuztuan, bestak beste, BECen jokatuko den Munduko Saskibaloi Kopako aurkezpen ekitaldi bat bertan egitekoa zela aprobetxatuz.

 

[2014/07/29] Bilbao Basketen jarraitzaileek "denen inplikazioa" eskatu dute taldeak aurrera egin dezan

[2014/07/25] Bilbao Basketek ACB auzitara eramango du