Politika gaiak "epategietatik urruntzeko beharra" azpimarratu du Arraizek

uriola.eus 2014ko ira. 4a, 08:40

Argazkia: Sortu

EAEko Justizia Auzitegi Nagusian deklaratzera sartu aurretik, Sortuko koordinatzaileak iazko azaroan ezker abertzalearen ibilbideaz esandakoak "argudio politikoak" zirela adierazi du. Zentzu horretan, defendatu du epaitegiak ez direla politikaz hitz egiteko lekua.

Hasier Arraiz, Sorturen Kontseilu Nazionaleko koordinatzailea, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian deklaratu du gaur goizean 2013ko azaroaren 18an emandako hitzaldi batean esandakoengatik. Sortuk elkarretaratzea deitu du gaur epaitegi atarian 09:30ean, Arraizi babesa eman eta adierazpen askatasunaren aldeko aldarria zabaltzeko.

Protesta "Adierazpen askatasunaren alde. Jazarpen politikorik ez!" lelopean egin dute, Sortuk argi baitu, "adierazpen askatasunaren aurkako erasoa" dela Arraizek epailearen aurrean deklaratu behar izana, "jazarpen politikoaren adibide berri bat". Era berean, "EAEko Justizia Auzitegi Nagusia Dignidad y Justiciaren moduko talde ultraeskuindar baten zerbitzura jarri izana" salatu dute.

Sortuko buruak, azaroaren 18an, Santi Brouard eta Josu Muguruzaren hilketen urteurrenaren harira emandako hitzaldi batean egindako adierazpenengatik deklaratu du. Terrorismoa goratzea eta biktimak iraintzea leporatzen diote. Apirilean beste zitazio bat izan zuen. Auzi hura artxibatu ondoren, Dignidad y Justicia elkarteak helegitea aurkeztu zuen kasua gehiago ikertzeko eskatuz. Helegite hori onartu zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, eta Arraiz gaur joan da berriro deklaratzera.

Arraizek azaroaren 18an egindako adierazpenen bideoa:

[2014/04/02] Hasier Arraiz: “Askorentzat, ez dago baldintza demokratikorik Ezker Abertzaleko kideok joko politikoan jokatzeko”