"Beldur gabe, borrokan" jarraituko dutela diote Ercilla hoteleko beharginek. Tanbor, txistu eta oihuekin euren lantegiko atarian. Luxuzko hotelaren aurrean. Udaltzainek protestaldietan egin duten zarata neurtu eta datuak Ertzaintzari helarazi dizkiotela salatu du CNT sindikatuak. "Isiltzeko mehatxua" egin diela Ertzaintzak. "Ez garela isilduko" oihua da langileen erantzuna. Baina ez da CNT, LAB eta CCOOren salaketa bakarra. Beharginek lanuzteak burutu dituzten bitartean, lan batzordeari "nagusien ondoan egotea" leporatzen diete.
Finlandiako saskibaloi selekzioaren egoitza Ercilla hotela da. Baita jarraitzaile finlandiar askorena ere. Langileek bisitarien joan-etorri handia baliatu dute euren aldarrikapenak kaleratu eta zabaltzeko. Joan den asteartean hasita, egunero bi orduko elkarretaratzeak burutu dituzte 12:30etatik 14:30etara. Gaur ere beste horrenbeste egingo dute.
Egunotako protestaldiek finlandiar taldearen eta zaleen arreta piztu dute.