Bihar eta etzi aurkeztuko dituzte, Ginebran, Giza Eskubideen Kontseiluan behin betiko txostenak. Iazko irailean estatu espainiarra bisitatu zuen Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluko Lantaldeak eta aurtengo urtarrilean bisitatu zuen errelarote bereziak osaturiko txostenak, alegia. Lanok publiko egin ostean, 90 eguneko epea izango du Espainiako Gobernuak txostenetan ageri diren 60 gomendioak betetzeko. "Bete beharreko gomendioak dira", euskal plataformako eledun Iosu Ibargutxik gaurko agerraldian adierazi duenez.
Ez du gauza handirik espero Ibargutxik "1936ko estatu kolpea gaitzetsi ez duen alderdiaren gobernuarengandik". Nazio Batuen (NB) "presioarekin" soilik mugituko da Espainiako Gobernua bere ustez, eta Madrilek gomendioak bete ezean, isunen bat ezartzea "desiragarria" da plataformarentzat.
60 gomendioek "koloreak gorritu" dizkio Espainairi. "Oihartzun handia" izan du komunikabideetan gaiak eta, hori dela eta, hurrengo egunetan Espainiako Gobernuaren erantzunen bat espero du plataformak. "Horixe entzun dugu", jakinarazi dute. Ibargutxiren arabera, "hurrengo egunetan" mintzatuko dira Espainiako agintariak.
Konpartitzen ez dituztenak
Txosten biak aztertu ostean, badira euskal plataformak konpartitzen ez dituen edukiak. "Gerra zibila"-ren kontzeptua, adibidez. Plataformak "estatu kolpea" darabilen bitartean. "Izendapena aldatzeak ez du historia aldatzen", Ibargutxiren esanetan. Agerraldian aipatutako beste desadostasun bat Frankismoaren osteko gertaeretan oinarritzen da. "Bitxitzat" jo du plataformak txostenek 1978tik aurrerako hilketei erreferentziarik ez egitea, "hilketa asko" izan zirelako. Horregatik "trantsizio" garaian eta "demokrazia formal" garaian eraildako pertsona batzuren izenak aipatu dituzte.
Txosten bien artean 60 gomendio inguru daude Estatu Espainiarrak, Giza Eskubideen Batzorde Internazionalari atxikita dagoenez, bete beharrekoak. Besteak beste, euskal plataformaren esanetan "120.000tik gorako biktimak daudelako oraindik estatu guztiko hilerri eta bide bazterretan lurperaturik". Bihar-etzi Ginebran egitekoa den bileratik hasita 90 egun izango ditu Espainiak erantzunen bat emateko Nazio Batuei. Hortaz, abenduan izango da albiste gehiago.
Argentinatik berrikuntzak
"Berrikuntza" gehiago aurreratu dituzte plataformako lagunek. Argentinatik etorriak. Bertan zabalik den kereilan lanean diharduen abokatuak "beste inputazio zerrenda bat" aurkeztu dio Servini epaileari eta plataformak "esperantza pixkatxo bat" badu: "Gabonetarako, agian, inputatu berriren bat izango da". Ibargutxik bi izen aipatu ditu. Bi izen handi, Espainiako Gobernuko ministro izandako Martin Villa eta Utrera Molinarena.
Frankismoaren krimenen aurkako kereila Espainian aurkeztea da plataformaren erronka. Jakin badakite ez dela posible, hein handian, 1977ko Amnistia Legeagatik. Beraientzat Lege hori da "gakoa". Amnistia Legearen indargabetzeak eta Egiaren Batzordea eratzeak ateak zabalduko lizkioke egia, justizia eta erreparazioari eta "urteetako zauri, mamu eta deabruak gainditzeko prozesuari. Alderdien arteko akordioa behar da legea indargabetzeko. "Borondate politikoa balego, egia osoa azaleraziko zen, Trantsizioan gertatua, esaterako, eta batzuek ez dute hori egitea nahi. Urteetako zauri, mamu eta deabruak gainditzeko modu bakarra Egiaren Batzorde baten bitartez da".
Hemen egingarri direnak
Espainiako Gobernuarentzat ez ezik, NBen gomendioak autonomia erkidegoetako gobernuentzat ere badira. Hau da, egia, justizia eta erreparazioaren bidean "erantzukizuna" dutela gogorarazi die eta, arduraz jokatzeko eskatu die Europak. Izan ere, EAEko gobernuak "eskuduntza batzuk badauzka beregain".
Eskatzen dituzten aldaketan artean dago "gorpuak hobitik ateratzerakoan, epailearen parte-hartzea bermatzea". Hilotzak lurpetik ateratzeko prozesuetan "beti epaileren batek egon behar duela" diote, "delitua desager litekelako". Eta hori "NBetako errelatoreek ere badiote". Juan Calparsoro EAEko fiskalburuak ere, orain baino lehen, neurri horren aldeko iritzia azaldu du. Erkidegoetan egin daitekeen lana gobernu zentralaren menpe dagoela uste dute plataformako kideek. Horregatik adierazi du Ibargutxik "estatu mailan borondaterik ez badago gainerako gobernuek ez dute ezer egingo".
Ez da dena kritika izan. Ibargutxik EAE eta Nafarroako erakundeak "zerbait egiten ari direla" aitortu du, eta Euskal Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordearekin "harreman ona" dutela: "Beraiekin laster hitz egitekoak gara".