‘Hiri alternatiboa’ aztergai BIA Urban Regeneration Forumen

uriola.eus 2014ko ira. 26a, 11:30

Argazkia: www.arkiplus.com

Hirien birsorkuntzarako gakoak partekatzen diharduten mundu mailako 300 arkitekto eta ingeniarien foroan gaur "boom inmobiliarioaren ondorio politikoen aurrean", proposamen berriak aztertuko dituzte. Iluntzean, Norman Fosterri I. BIA Saria emango diote. Asteburuan ere hainbat ekintza izango dira, besteak beste, bisita teknikoak Naturgas eta IMQren eraikinetara.

‘Hiri alternatiboa’ izenburuko saioan, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan Politika-Zientzietako irakasle dabilen Joan Subirats Ekonomia-Zientzietako doktorearen parte-hartzea nabarmentzekoa da. Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak hiri-politiken gainean finantzatu dituen proiekturik garrantzitsuenetako bi zuzendu ditu Subiratsek: ‘Hiri politikak 2015eko eszenatokian: udal demokraziak 30 urte egin ondoren’ eta ‘Hiri-politika berriak esploratzen’.

Hitzaldiak eta txostenak larunbatean amaituko dira, hilak 27, AV/Arquitectura Viva aldizkariko zuzendari eta San Fernando Arte Ederren Errege Akademiako kide osoa den Luis Fernandez Galiano arkitekto eta katedradunak eskainiko duen hitzaldi irekiarekin.

I BIA Saria Norman Fosterri
Gaurko jardunaldia amaitzeko, lehen Urban Regeneration Forum honetako une berezienetakoa iritsiko da: Norman Fosterri lehen BIA Saria emateko Guggenheim Museoan egingo den ekitaldia. Saritutakoa nazioarteko arkitekto garaikiderik ospetsuenetakoa da. Fosterren (Manchester, 1935) lanak era askotako sariak lortu ditu, hala nola, 1990eko Mies van der Rohe Arkitektura Garaikideko Saria, American Institute of Architects (AIA) delakoaren 1994ko urrezko domina, 1999ko Pritzker Saria eta 2009ko Arteen Asturiasko Printzea Saria. Manchesterreko Unibertsitatean arkitektura ikasketak hasi eta Yaleko Unibertsitateak osatu zituen. Ingalaterrara itzulita, Team 4 arkitektura-estudioa sortu zuen 1964an. Hiru urte beranduago, 1967an, Foster Associates eratu zuen, non Richard Buckminster Fuller arkitektoarekin kolaboratzen zuen. Arkitektura-estudioa gaur egun Foster + Partners izenarekin ezagutzen da.

Bihar bisita tekniko irekiak Naturgas eta IMQren eraikinak

Hilaren 27ko bisita teknikoen abiapuntua ere izango da. Jarduera horretan, Naturgasen Bilboko egoitza berria egin duten IMBko Gloria Uriarte, Eduardo Mugica eta Agustin de la Brena arkitektoek, eta Luis Dominguez IMQren Zorrotzaurreko klinikaren egilekideak hiriaren birsorkuntzari egin dioten ekarpenari buruzko iritzia emango dute. Izaera profesionalagoa duten arren, bisita hauek jendearentzat irekita daude.

Haurrentzako tailerrak

Asteburuan, EHAEOren Bizkaiko Ordezkaritzaren egoitzan, haurrentzako tailerrak antolatuko dira, txikienen artean arkitekturarekiko interesa eta jakinmina sustatzeko asmoz. 10:30etatik 12:30etara bitartean, 3 eta 9 urte tarteko neska-mutilek beren auzoak diseinatzeko aukera izango dute ipuinetan inspiratutako jolas desberdinen bitartez. Parte-hartzea doakoa da, baina derrigorrezkoa da aldez aurretik 946 077 461 telefonoan izena ematea.

Naxa tren geltokia zabalik

Hamalau urtez abandonatuta egon ondoren, Naxako geltokia jendearentzat irekita dago, Bizkaiko arkitektura eta hirigintza zabaldu eta sustatzea xede duen Bilbao Bizkaia Architecture (BIA) plataformaren ekimenez.

BIA SPACE: NAJA + TAO Architectural Lighting with Idar Group izeneko gunearen ‘birgaitzeak’, bi astez geltoki abandonatua birsortzea ekarri du, eta antzoki erromatarretan gertatzen den bezala, bere arkitektura zirraragarriaren hondarrek iragana eta etorkizuna elkartzeko eta Bilboren ezaugarri diren "birsorkuntza eta asmamenaren balioak" helarazten ditu.

BIAk oso-osorik errespetatu du tren geltoki zaharreko eraikinaren egitura eta nasen gainean plataforma goratu bat jarri du, gune moderno berri eta garbia sortuz, kultura-jarduerak hartzeko modukoa. Bertara Areatzako zubitik ere sartu ahal izango da, izan ere, egokitzeak itsasadarraren gaineko nasak ere barne hartu baititu. Nasak oso elementu erakargarriak dira, ikuspen handi-handikoak, Arriagara begira dagoen terraza gisa berrerabiltzeko eskaitzen duten aukeragatik.


BIAri buruz
Joan den udazkenean, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Bizkaiko Ordezkaritzak bere profesionalen erakusleiho izango den plataforma baten sorrera bultzatu zuen. Hauxe da proiektuaren filosofia: Bilbo eta Bizkaiko eraldaketa eta espiritu ekintzailea eta horrek daukan nazioarteko dimentsioa eraikuntzako sektore estrategikoarekin uztartzea, horri atxikitako zerbitzu profesionalen bertako enpresa-ehunaren kalitatea azalduz. Ideia hau, lanbidearen erronkei nazioartekotzea, trukea eta herritarren partaidetza bezalako kontzeptuetatik aurre egitearen alde apustu eginez abiarazi da.

[2014/09/17] Naxako tren geltokian mundu osoko arkitekto eta hirigileak batuko dituen foruma aurkeztuko dute

[2014/08/28] BIAk arkitekturaren inguruko kultur jarduerak antolatuko ditu irailean Bilbon