Lanbidek bideratutako diru laguntza bueltan eskatzen duten 10.000 gutunen bidalketa salatu dute

uriola.eus 2014ko urr. 1a, 16:12

Iruzurra eta Oinarrizko Errenta eta Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarria jaso duten pertsonen "giza eskubideen urraketa" egotzi diote Lanbideri hainbat herritarrek Eusko Jaurlaritzaren egoitza aurrean.

Hainbat eragile elkarretaratu dira gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean Lanbidek bideratutako diru laguntza bueltan eskatzen duten 10.000 gutunen bidalketa salatzeko. Iruzurra eta Oinarrizko Errenta eta Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarria jaso duten pertsonen "giza eskubideen urraketa" egotzi diote Lanbideri, bidalitako gutunek ez baitute "diru kopuru, ordainketa maiztasun, ezta arrazoiei erreparatzen, eta ez du errekurtso eta alegazioak egiteko aukerarik ematen".

Protestaldian, Lanbidek jasotzaileei bueltan eskatzen dien laguntzaren kopurua 56 milioikoa izatea gaitzetsi dute gizarte eragileek: "Kopuru hori errealitatetik at dago, propaganda hutsa da". Horrezaz gain, Lanbideren harremanetarako telefonoa eta posta elektronikoa erabilgarri ez daudela jakitera eman dute, elkarrizketarako bidea "itxita" dagoelarik.

Hori guztiagatik, Lanbiden dagoen "kaosa eta nahaspila" kritikatu dute eta gutunak jaso dituztenei eskatzen dieten dirua ez ordaintzeko gomendatu dute. Halaber, Lanbideri exijitu diote "errektifikazio publikoa", "legalitatea betetzeko konpromisoa" eta gutunen bidalketaren arduradunen eta Enplegu eta Gizarte Gaietako kontseilaria Juan Maria Aburtoren dimisioa, "eraman duen gestio txarra eta gutunetan erabilitako hizkuntza nahasgarri eta hertsatzaileagatik".