Oraingoan, programa, BizkaiAKTIBATU Bilbao izenekoa, Bilbon erroldatuta dauden 35 urtetik beherako pertsonentzat izango da; erdi edo goi mailako prestakuntza-ziklo bat edo unibertsitateko titulua izan beharko dute, eta lehentasuna emango zaie iraupen luzeko langabezian daudenei (hamabi hilabete baino gehiago langabezian). Baldintza horiek betetzen dituztenek negozio-ideia bat ere izan behar dute, Bilboko Udalak balio eta etorkizun handikotzat jo dituen lau sektore estrategikoetako batean kokatuta: artea, teknologia eta diseinua; ekoteknologia eta hiri-konponbideak; turismoa, osasuna eta bizi-kalitatea, eta enpresentzako zerbitzu aurreratuak.
Programa honetan parte hartzen dutenek prestakuntzako lehenengo fase bat egin beharko dute. Hilabete iraungo duen fase honetan, ekintzailetzari buruzko hainbat tailerretan parte hartuko dute. Fase honen xede nagusia ekintzaile-gaitasunak behar bezala garatzeko beharrezkoak diren prestakuntza, metodologia eta orientabidea sustatzaileen esku jartzea da. Eta horretarako, lau prestakuntza-multzo ezarri dira: lidergoa, sektoreko prestakuntza, ideien garapena eta kudeaketako gaitasunak. Bigarren fasean, aholku pertsonalizatuak jasoko dituzte hilabete bian, euren negozio-planak garatu ahal izan ditzaten. Programaren fase bi horietan, parte hartzen duten gazteek hilean 350 euro jasoko dituzte.
Programaren hirugarren fasean, negozio-plana amaitu ondoren eta plan hori bideragarria dela adierazi bada, bere enpresa jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda daukan eta, horrenbestez, dagokion gizarte segurantzako araubidean alta emanda dagoen gazte bakoitzak, 5.000 euroko laguntza jasoko du. Diru-kopuru horren xedea proiektu hori abian jartzeko laguntza ekonomikoa ematea da.
Programa honek 600.000 euroko inbertsioa aurreikusten du. Diru hori erdibana ordainduko dute erakunde biek, aurreikusita dagoen bezala ehun gaztera arte heltzeko.
Eskualdea Suspertzeko Programa
Bizkaiko Foru Aldundiak ekimen honetarako erabiliko duen aurrekontua Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak Aparteko Enplegu Funtsaren barruan Eskualdeak Suspertzeko Programarako gordailututa dauzkan 1.500.000 euroen zati bat da. Ekonomia Sustatzeko Sailak diru-kopuru horrekin Lurralde Historikoko ekonomi sarearentzako pizgarriak emateko jarduera berriei ekingo die, arreta berezia Bizkaiko langabetuei emanda.
Bizkaiko Foru Aldundiko Eskualdeak Suspertzeko Programa lan-merkatuan sartzeko eta bertara itzultzeko eragozpen bereziak dauzkaten pertsonentzat lan arloko alternatiba gisa jarri zen abian; orain arte, iaz Ezkerraldean garatu zen, eta aurten Enkarterri, Nerbioi-Ibaizabal eta Arratian. 2013an, Ezkerraldea-Meatzaldean, programari esker 118 enpresa sortzea lortu zen eta 123 pertsona afiliatu ziren langile autonomoen araubide berezian. Alta berri horien % 38 emakumeenak dira, adinen aldetik pertsona gehienak 40 urtetik gorakoak dira eta % 56 duela 12 hilabete baino gehiagotik zegoen langabezian, ekimen honetan parte hartu baino lehen.
Informazioa
Interesatuta dauden pertsonek BizkaiAKTIBATU Bilboko programaren oinarriak kontsultatu eta izena emateko fitxa deskargatu ahal izango dituzte Bilbao Ekintzako webgunean: http://www.bilbao.net/BilbaoEkintza/es. Selekzioko aurreko prozezuan baldintza guztiak betetzea eta negozioaren proposamenaren bideragarritasuna kontuan hartuko da. Hurrengo faseak Bilbao Ekintza eta DEMAk batera egindako elkarrizketan datza. Formakuntza faserako aurrez ikusitako hasierako epea aurtengo azken hiruhilekoan hasiko da.