Vista Alegreko zezen-plazaren kontuen "galera ekonomikoa" salatu du EH Bilduk

uriola.eus 2014ko urr. 7a, 13:00

Bilboko Udalaren sarrera erosketarik gabe zezen-plaza "zenbaki gorritan" egongo litzateke EH Bilduren arabera. "2011tik ez dira etekinak banatzen" eta hori koalizioaren esanetan "zeharkako udal finantziazio bide bat da".

Obra eta Zerbitzuen Saileko Ordezkaria den Jose Luis Sabasek zezen-plazaren kontuak eta egoera ekonomikoari buruzko informazioa emateko egin duen agerraldian, EHBilduk Vista Alegreko kontuen "galera ekonomikoa" salatu du.

Bilboko Udalak sarrera eta abonamenduen erosketarekin egiten duen "zeharkako dirulaguntzarik gabe" zezen-plazaren diruzaintza "zenbaki gorritan egongo zen". Halaber, 2011tik etekinen banaketarik ez egitea "zeharkako udal-finantziazio bide bat da", Helena Gartzia zinegotziak adierazi duenez. Beraz, Bilboko Udalari dagokion %50a "zeharkako finantziazio bide bezala erabili da”.

Gartziaren salaketen arabera, zezen-plazak izan duen 75.000 euroko etekina "Bilboko Udalak Gizarte Ekintza sailatik sarrerak erostera eta Alkatetzatik palkoetako abonamenduak erosteko bideratzen duen kopuru berdina da”.