Bizkaiko bertsolaritza josiz

uriola.eus 2014ko urr. 9a, 08:30

#Josi Txapelketaren hasiera ekitaldia egin zen atzo Bilbon. Bertsolariak, Talde Antolatzailekoak, gai-jartzaileak, epaileak, eta zelan ez, bertsozaleak elkartu ziren Bilboko Kafe Antzokian. Domekan, urriaren 12an hasiko da Txapelketa Galdakaon, eta abenduaren 20an amaitu Bilbon, Miribillako Bilbao Arenan.

#Josi Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren aurkezpen ekitaldia egin zen atzo iluntzean Bilboko Kafe Antzokian.

Oihalean akrobaziak eginez hasi zen ekitaldia, “bakoitza oihal batean dantzan ari garelako", eta Maite Berriozabal aurkezleak azaldu zuen moduan, “denon artean, txatalez txatal bertsoaren inguruan elkartzen garen oihal handia gara”.

Bizkaian egiten den transmisio beharraren erakusle, hiru bertsolari gaztek egin zuten bertsotan aurkezpenean: Txaber Altubek, Asier Galarzak eta Nuria Cortadak. Txapelketa zelan ikusten duten kantatu zuten bertsoaldian.

Ostean, #Josi Txapelketako mezua irakurri zuen Zihara Enbeitak, mezuaren egileak.

Txapelketari buruzko xehetasunekin jarraitu zuen ekitaldiak. Bost kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala edukiko ditu domekan hasiko den Txapelketak. Urriaren 12an hasiko da eta abenduaren 20ko finalagaz amaitu.

Komunikazio bideekin eman zitzaion jarraipena. Webgunearen bidez, sare sozialen bidez eta mugikorretarako aplikazioaren bidez jarraitu ahal izango da uneoro #Josi Bizkaiko Bertsolari Txapelketa.

Txapelketako bideoklipa proiektatu zen gero.

Azkenik, Txapelketan beharrean ibiliko diren guztiei eskerrak eman nahi izan zien Bizkaiko Bertsozale Elkarteak.

 

[2014/10/02] Josi eta josi, Bizkaiko 37 bertsolari abenduaren 20ko Miribillako finalera bidean