Pentsiodunei, %0,25eko igoera "ziztrinarekin adarra jo" dietela adierazi dute gaur eguerdian LAB sindikatuak deituriko protestaldian. Segurantza Sozialaren egoitzaren aurrean, %0,25eko igoerarekin "haustea premiazkoa" dela aldarrikatu dute.
Besteak beste, igoera horrekin "ezingo dugu eguneroko oinarrizko produktuen garestitzeari aurre egin", adierazi dute. LABek emandako datuen arabera, argiak %11 egin du gora "konpainia elektrikoen espekulazioaren ondorioz" eta farmazietan 420 botika %100ean ordaindu behar dira "multinazionalen onerako".
Pobreziaren muga 1.000 eurotan badago, Euskal Herrian pentsio ez-duinak zenbakitan honakoak dira: lau pentsiotik bat 700 eurotik behera dago, eta 13.415 pentsiodunek "350 euro baino ez dute jasotzen".
Gasteizko eta Iruñeako gobernuei zuzendu zaizkie pentsiodunak "azken bost urteotan galdutako gure eros-ahalmena berreskuratzeko" neurriak eskatuz: "Pobreziaren mugaren azpitik ez dadila pentsio bakar bat ere bermatu behar dute". Horrela soilik lortuko dute "duintasunez" bizitzea.