Urriaren 17an Bilboko Udaleko Obra eta Zerbitzuen Sailak Plaza Biribilaren berrantolamenduari ekingo dio. Proiektu horren bidez, Obra eta Zerbitzuen Sailak argiago zehaztuko du oinezkoentzako espazioa, eta arintasun handiagoa emango die oinezkoen ibilbideei. Egungo espaloiek zazpi metroko zabalera daukate. Obraren ondoren, plazako oinezkoentzako azalera % 50 handiagoa izango da: gaur egungo 1.200 metro karratuen ordez, 1.900 metro karratu izango ditu. Hona hemen plaza osatzen duten espaloien berrantolaketa:
a. Nafarroa kalearen eta Hurtado Ametzaga kalearen artean dagoen espaloiak bost metro gehitu, eta hamabi metroko zabalera izango du. Dagoen autobus geralekua kendu, eta, horren ordez, taxi geralekua jarriko da. Galtzadan zegoen metroko tunelaren aireztapen sareto espaloi horretan kokatuko da. Horregatik, horren ordez, egitura itxiagoa daukan beste bat jarriko da, oinezkoak igarotzea errazten duena.
b. Hurtado Ametzaga kalearen eta Kale Nagusiaren artean dagoen espaloiak 150 m2 gehiago hartuko ditu.
c. Kale Nagusiaren eta Buenos Aires kalearen artean dagoen espaloiak 290 m2 gehiago hartuko ditu, eta, horren ondorioz, espaloiaren zabalera hamahiru metrokoa izango da. Lau ezki landatuko dira, espezie hori Kale Nagusian dauden zuhaitzen antzekoa dela.
d. Buenos Aires kalearen eta Nafarroa kalearen artean dagoen espaloian, sortuko den espazio berria galtzadaren mailan jarriko da, eta bertan bai beira biltzeko kontainerra bai zarama zapaltzeko makina instalatuko dira lurpean. Era berean, bilketa lanetan kamioiak maniobrak egiteko behar duen espazioa antolatuko da. Aurretik dauden espaloiei jarraipena emateko asmoz, orain dagoen zoladuraren antzekoa erabiliko da. Lanek urriaren amaieran hasi eta 4 hilabetez iraungo dute, apirilaren hasieran amaitzeko. Gabonetako kanpainan, hiriaren bizitzari ez eragiteko, obrak eten egingo dira. Gainera, plazaren erdian dagoen On Diego Lopez Harokoren estatua zaharberrituko da, bere kontserbazio egoera hobetze aldera. Eskultura, 1889an egindakoa, brontzezkoa da eta marmolezko oinarria dauka. Zaharberrikuntza Plaza Biribila berrantolatzeko obrak egikaritzen diren bitartean gauzatuko da.
Zirkulazioa
Plazak biribilgune gisa funtzionatuko du eta bai garraio publikoko ibilgailuen bai ibilgailu pribatuen zirkulazioa antolatuko du. Garraio publikoari dagokionez, ibilgailuak noranzko guztietan ibiliko dira, Buenos Aires kaletik igo gabe; ibilgailu pribatuei dagokienez, berriz, jaisteko hiru errei izango dituzte Hurtado Ametzaga kaletik, eta beste bi Buenos Aires kaletik; igotzeko beste bat dago Nafarroa kaletik, eta beste hiru Kale Nagusitik noranzko berean. Plaza Biribila berregiteko obrek Bilbobuseko 15 lineatan izango dute eragina, Bilbao-Bizkaia Turismo Bulegoaren aurreko autobusgeralekua desagertzean eta bestaldeko espaloiko -Laboral Kutxa eta Granja kafetegiaren arteko- geralekuaren luzera murriztean. Handik udal garraio-zerbitzuaren linea bakarra irtengo da. Hala ere, eragindako linea guztien autobusek inguruko geralekuetan gelditzen jarraituko dute eta lehengo ordutegi zein maiztasunei eutsiko diete une orotan -40 linearen kasuan izan ezik, ibilbidea luzatzen duelako-. Horretarako, geraleku berri bi ipini dira (Kale Nagusia, 2 eta Aiala, 2) eta aurretik zegoen beste bat handitu da (Mazarrego zumarkalea, 3), zerbitzuak horrela berrantolatuta:
Eguneko Lineak:
•1 ‘Arangoiti-Plaza Biribila’ eta 10 ‘Elorrieta-Plaza Biribila’ lineetan, abiaburua geraleku berrira aldatuko da: Kale Nagusia, 2.
•3 ‘Plaza Biribila-Otxarkoaga’ linearen abiaburua Laboral Kutxa eta Granja kafetegiaen arteko geralekura aldatuko da.
•30 ‘Txurdinaga-Miribilla’ linea hurrengo geraleku honetan geldituko da: Hurtado Ametzaga, 1 (Abandoko Geltokiaren aurrean).
•40 linea, honez gero, ‘Abusu-Plaza Biribila’ izango da eta ibilbidea luzatuko du, Plaza Biribilean egindako obren ondoriozko berrantolakuntzarekin batera. Hala, orain Abusu auzoa Bolueta eta Santutxurekin lotuko du, ohiko maiztasuna 20 minutuan behingoa izanik. Abiaburu berria Aiala, 2 izango da eta bidaiariak Kale Nagusia, 2ko geralekuan jaitsiko dira.
• A1 ‘Jasokunde-Plaza Biribila’ linean abiaburua aldatuko da Aiala, 2 helbidera eta bidaiariak Kale Nagusia, 2ko geralekuan jaitsiko dira.
• A2 ‘Solokoetxe-Plaza Biribila’ linean bidaiariek jaisten jarraituko dute Laboral Kutxa eta Granja kafetegiaren arteko geralekuan, baina linea ez da handik hasiko.
• A5 ‘Prim-Plaza Biribila’ linearen abiaburua Mazarredo zumarkalea, 3 helbidean handitutako geralekura aldatuko da.
Gaueko Lineak/Gautxoriak:
• G2 ‘Otxarkoaga-Plaza Biribila’ eta G4 ‘Abusu - Plaza Biribila’ lineen abiaburu berria hurrengo helbide honetan egongo da: Aiala 2.
• G3 ‘Larraskitu-Plaza Biribila’ eta G6’Altamira/Zorrotza-Plaza Biribila’ lineen abiaburu berria hurrengo helbide honetan egongo da: Kale Nagusia, 2.
• G5 ‘San Adrian/Miribilla-Plaza Biribila’ linearen abiaburu berria hurrengo helbide honetan egongo da: Hurtado Ametzaga, 1 (Abandoko Geltokiaren aurrean).
• G7 ‘Larreagaburu-Plaza Biribila’ eta G8 ‘Arangoiti-Plaza Biribila’ lineen abiaburu berria hurrengo helbide honetan egongo da: Kale Nagusia, 8.