Epai baten ondorioz kendu du Bilboko Udalak Rafael Sanchez Mazas pasealekua kale-izendegitik

uriola.eus 2014ko urr. 20a, 13:21

Argazkia: Google

Bilboko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiaren epaia bete du horrela Areso alkateak. Kale izendegitik kendu du Rafael Sanchez Mazasen izena eta bere izena zeramaten plakak.

Kasilda Iturrizar Andrearen Parkean kokatuta dagoen Rafael Sanchez Mazas Pasealekuko identifikazio plakak kentzea agintzen duen Alkatearen Dekretua sinatu du Ibon Areso Bilboko alkateak, Lau Haizetara Gogoan Frankismoaren Biktimen Elkarteak Oroimen Historikoari buruzko 52/2007 Legean ezarritakoaren haritik aurkeztutako helegitea zatika onesten duen Bilboko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiak emandako 168/2014 zenbakiko epaia betez.

Honela, hiriko kale-izendegitik kendu da Rafael Sanchez Mazasen izena.

Rafael Sanchez Mazas Falangeko fundatzailea izan zen, Gorteetan prokuradorea eta Frankismo garaiko ministroa. Elkarte memorialistek hainbat aldiz eskatu diote Bilboko Udalari Sanchez Mazasen izena kale-izendegitik kentzeko, baina orain arte Udalak ez du kentzeko erabakia hartu.

Lau Haizetara Gogoan elkarteak, berria ezagutzean, Udalarengana zuzendu da. Memoria Historikoaren alde "mahai batean lanean jarraitzeko prest" dagoela esan dio, bere Twitter kontuaren bidez.