Aitziber Ibaibarriaga izango da EH Bilduko Bilboko alkategai

uriola.eus 2014ko urr. 24a, 17:42

Argazkia: bilbo.ehbildu.eus

2015eko udal hauteskundeetarako Bilbo eta Bizkaiko zerrendaburuen aurkezpena egin du EH Bildu koalizioak gaur eguerdian EHUren Paraninfoan.

"Pertsona guztientzako hiria eraikitzen ari gara", adierazi du Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduren alkategaiak gaurko agerraldian. Bilbotar denei leku egiteko, "auzoetatik hiriguneraino", EH Bilduk "haria" erabiliko du desorekak josteko.

EAJren "kudeaketa onaren mitoaren gainbehera" aipatu du Ibaibarriagak oholtza gainetik, eta adibide gisa jarri ditu Bilbao Ria 200 erakundearen 165 milioi euroko "zuloa" edota Iberdrolaren "pelotazoa". EH Bilduko bozeramalearen esanetan, "udal zor gisa onartu ditu Udalak Iberdrolak Abandoibarran dorrea eraikitzeagatik ordaindu behar zituen 25,5 milioi euroak".

Auzoak lehenestea da EH Bilduren helburua 2015-19 legegintzaldian. Metroko 3.linearen amaiera, Begoñako igogailuaren publikotasuna eta doakotasuna, D ereduaren defentsa Otxarkoagan edota Basarrate plazaren berritzea, besteak beste.

Ibaibarriagaren koalizioa errentaren araberako zerga sistema baten alde agertu da, "gehiago duenak gehiago ordainduko duelarik, orain gertatzen ez den bezala". Ildo horri jarraituz iritsi nahi du EH Bilduk "kalitatezkoak" eta "eraginkorrak" diren zerbitzu publikoak bermatzera.

Etxebizitzaren gaia ere ageri da koalizio abertzalearen programan. Esaterako, gehiengoa eskuratuz gero, "hutsik dauzkaten etxebizitzak Udal Etxebizitzen esku uzteko eskatuko die Udalak sei bankuri". 700 etxebizitza guztira.

Harro adierazi du Aitziber Ibaibarriagak ordutegien liberalizazioaren "kontra azaldu den indar politiko bakarra" EH Bildu izan dela: "Saltoki txikien etorkizuna eta bertoko langileen atsedenerako nahiz lana eta familia bateratzeko eskubidearen alde".

Laburrean

Lau urte daramatza Aitziber Ibaibarriaga Etxebarrietak zinegotzi ardura betetzen. Txema Azkuenaga kidea jubilatu zenetik, 2013ko maiatzean, Bilboko Udalean EH Bilduko bozeramalea da. Zazpikaletakoa da jatorriz eta arkitektoa ikasketaz. Euskaraz zein gazteleraz ondo moldatzen da.

 

bilbo.ehbildu.eus

 

[2014/10/21] Bilbo Irabaziz herri ekimena 2015eko udal hauteskundetara aurkeztuko da "ezkerreko alternatiba" gisa

[2014/10/17] Alfonso Gilek bere hautagaitza aurkeztu du PSEko alkategai izateko

[2014/10/02] Juan Maria Aburto aurkeztu dute EAJko Bilboko alkategai