uriola.eus

BBVAk bere egin nahi duen Plaza Biribileko zatia 1965etik Udalarena dela dio EHBilduk

  Udal gaiak  Abando - Indautxu

1965tik Udalarena den Plaza Biribilaren zati bat udal gobernuak "BBVAren esku utzi nahi izatea, merkatal gune bat zabaltzeko" salatu du EH Bildu koalizioak. Aitziber Ibaibarriaga bozeramaleak "enpresa handien mesederako" EAJk daraman hirigintza politika gaitzetsi du.

Ibaibarriagak salatu du BBVAren asmoa 1965ean sinatutakoaren kontra doala, alegia, etxe-orratza altxatu zen datakoa. EH Bilduren bozeramaleak gogoratu du, "garaiko hiri arautegiaren 50 puntuaren arabera plantaren antolaketa aldatu nahi izango balitz, hesituz egin beharko litzatekeela, edo bestela Udalari eman". Hortaz, Ibaibarriagak baieztatu du Plaza Biribilaren parte hau Udalarena dela, eta "ondorioz, Udalak, ezeren truke, berea den espazio bati uko egingo diola".

Banco Vizcayako arkitektoek garaiko eraikinaren tipologia aldatzearen alde egin zuten, planak ahalbidetzen zuen 12 solairuren gainetik altxatuz, "hau guztia, orain arte ezagutu dugun plazaren truke egin zen. Egonkortuta dagoen plaza da beraz, hori dela eta ezabatzeak ez luke inolako zentzurik izango. Honekin batera, espaloia eta metro sarrera kolapsatuko lirateke ere".

Ibaibarriagak gogoratu du HAPOren gaineko edozein aldaketa interes publikoan oinarritu behar dela. "Egonkorturiko plaza bat galtzea merkatal gune bat eraiki ahal izateko interes publikoa bermatzea den", galdetu du bozeramaleak.

EHBilduko zinegotziak azpimarratu du "beste pelotazo baten aurrean gaudela. Plaza Biribilekoa enpresa handien mesederako EAJk Bilbon egiten duen hirigintza politikaren beste adibide bat da, Iberdrola dorrea eta Gardokiren eraikinarekin gertatu bezala. Testuinguru ekonomikoaren ondorioz, estutasunak pasatzen ari direnekin zorrotza den politika eta aldiz kapitalarekin guztiz onbera dena".

Hori dela eta, Ibaibarriagak deia luzatu dio gobernu Batzordeari herritarrena den egonkorturiko espazio publikoa den Plaza Biribila BBVAri ez "oparitzeko".

Plazan egingo diren herri lanak
Bestalde eta Plaza Biribilerako Udalak iragarritako herri lanei dagokienez, EHBilduk salatu du Udalak araututako prozedura ez duela bete. Ibaibarriagak azpimarratu du HAPOk babestutako eremu integraltzat hartzen duela Plaza Biribila eta, beraz, bertan edozein obra egin baino lehen Ondarearen Batzordean aurkeztu behar dela. "Eta guk dakigunagatik gaurko egunez oraindik ez da Plazarako dagoen proiektua Ondarearen Batzordera eraman".

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa