Maribi Ugarteburu: "Instantzia judizialak dira behin eta berriro jarduera politikoa judizializatzen dutenak"

uriola.eus 2014ko aza. 11a, 14:11

Aurtengo apirilaren 30ean "ustezko delitu elektorala" leporatuta Bilboko epaitegiak absolbitu zituen lau lagunak gaur, Fiskaltzak epaia errekurrituta, Bizkaiko Lurralde Auzitegian epaituak izan dira. EH Bilduko bi interbentore eta Euskal presoak Euskal Herrira zioten banderolak zabaldu zituzten bi lagun.

Jazarpen politikoei "nahiko dela esateko" batu dira epaiketa baino lehen hainbat herritar Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren atarian. "Inolako zentzurik ez daukan epaiketa baten errepikapenaren aurrean gaudela", adierazi du Maribi Ugarteburu EH Bilduko legebiltzarkideak lau auziperatuak justizia jauregian sartu baino lehen.

2012ko EAEko hauteskundeetan, Iruartetako ikastetxean (Miribilla), Patxi Lopez bozkatzera joan zenean gertatu ziren epaitzen diren ekintzak. "Ustezko delitu elektorala egitea" egotzita auziperatu zituzten EH Bilduko interbentore Gotzon Alvarez eta Fernando Pedrosa eta Euskal presoak Euskal Herrira zioten banderolak zabaldu zituzten Iker Landajuela eta Muntsorrat Brunet. Joan den apirilean Bilboko epaitegiak absolbitu zituen. 

Orduan "inolako deliturik ez zela egon", adierazi zuen EH Bilduk: "Interbentore eta pertson horiek euren zergina egin zuten edota adierazpen politikoa egin zuten, baina ez zen ez delitutik ez inoren kontrako ekintzarik egon", Ugartebururen esanetan.

Epaiketa hartan absoluzioa izan zen sententzia. Horregatik "oso larria" deritzo Ugarteburuk, akusazio partikularrak -alderdi sozialista- helegiterik aurkeztu ez duenean, Fiskaltza izatea "berriro ere zentzurik gabeko epaiketa hau mahai gainean jarri duena lurralde auzitegian. Orduan esaten bagenuen nahiko aspertuta gaudela jada, bai gure kideak bai gure ordezkari politikoak etengabe epaitegietatik desfilatzen ikusteaz eure lan politikoa egiteagatik, bada gaur areago diogu, aspedurara arte garai politiko honetan inongo zentzurik ez daukaten epaiketetan egoteaz benetan kokoteraino gaudela".

Bizkaiko Lurralde Auzitegiak lau bilbotarrak absolbitzea espero du Ugarteburuk, "delitu gabeko epaiketa baten aurrean gaudelako". Egun hartan "hainbat lekuko egon ziren, irudiak ere badaude, zer gertatu zen eta zer ez zen gertatu argi geratu zen eta sententzia ere horregatik etorri zen".

Lekuz kanpo eta garaiz kanpo

"Absurdo bat da" hortaz epaiketa EH Bildu koalizoak gaur salatu duenez. "Larriena iruditzen zaigu kasu honetan Fiskatzak bera izatea gorago jo duena. Akusazioak asumitu du benetan ez zela deliturik egon, absoluzioa eman dela, eta instantzia judizialak eurak dira behin eta berriro jarduera politikoa dena judizializatu eta zigor bidean ipintzen dutenak. Benetan lekuz kanpo eta garaiz kanpo dagoen gaia da".

Epaitegi atarietan egoteaz "aspertuta" egon arren, EH Bilduk azaldu duenez "behar den guztitan egongo gara jazarpen politikoa salatzen".