Dolu adierazpen ugari Koldo Losadaren heriotzaren aurrean

uriola.eus 2014ko aza. 21a, 10:10

Asko eta asko dira atzotik, Koldo Losada aktorearen heriotzaren berri ezagutu zenetik, lagun eta senideei iritsi zaizkien dolu eta samin mezuak. Gaur Udalbatzarra hasi baino lehen minutuko isilunea gorde dute Bilboko zinegotziek "Koldoren erailketa bortitza jendaurrean salatzeko". Koldoren bikotea, heriotzaren eragile izan daitekeelakoan Ertzaintzak atxilotua, gaur pasako da epailearen aurretik.

"Etxeko indarkeria mota guztiak irmoki" gaitzetsi ditu Bilboko Udalak. "Bai familia barnean bai maitasunezko harremanetan, espazio publikoan zein pribatuan" gertatzen direnak. Minutuko isilunearekin salatu nahi izan dute Udalbatzarreko Osoko Bilkura hasi baino lehen zinegotzi guztiek Koldo Losadaren erailketa bortitzarekiko gaitzespena.

Alderdi guztiek publiko egin duten adierazpenean justiziari "irmoki eta azkar erantzuteko" eskatu diote eta hiritarrei "indarkeria mota guztien aurrean isilik ez geratzeko eta biktimei babesa agertzeko".

Harrituta eta saminduta agertu dira Koldo Losadaren hurbilekoak bere heriotzaren berri jasotzean. Losada ibilbide luzeko aktorea izaki -antzerkian, telebistan eta zinean lan egina-, Arte Eszenikoen sektoreko lankide eta lagunek dolu mezu ugari kaleratu dituzte sare sozialetan.

Heriotzaren eragile izan daitekeelakoan, joan den asteazkenean -azaroak 19- atxilotu zuen Ertzaintzak Koldo Losadaren bikotea gaur pasako da epailearen aurretik. Bitartean, Ertzaintzak heriotza argitzeko ikertzen jarraitzen du, besteak beste, Koldo hil zuen armaren bila. Hipotesi nagusiaren arabera, bikotea jeloskor eta desorekatuta zegoen.

Zenduaren arrebak erlazioa "aspalditik jasanezina" zela adierazi du. Harreman txarra zutela baieztatu dute bizilagunek ere. Bikotea banatzen ari zela azpimarratu dute.

Aktore getxotarraren txakurra ere hilda agertu da gertuko zakarrontzi batean.

 

[2014/11/20] Koldo Losada aktorea da indarkeria zantzuekin hilik aurkitu duten gizona

[2014/11/20] Indarkeria zantzuak dituen gizon baten hilotza aurkitu dute Abandon