Mexiko estatua ez ezik mundu osoa astindu du joan den irailaren 26ko Ayotzinapako Eskolako 43 ikasleren aurkako ekintzak; Igualan, Mexikoko Guerrero estatuan gertatua, Poliziaren karga baten ostean.
Orain baino lehen Guerrero ez zen ezagutu ere egiten, baina orain milaka herritar dira mundu osoan Ayotzinapa direla aldarrikatzen dutenak sare sozialetan.
Gaur, abenduak 11, osteguna, 'Estatua hiltzailea' lelopean elkarretaratzea deitu dute Kale Nagusiko 40. zenbakiaren parean, Mexikoko kontsuletxe aurrean.
Enrique Peña Nieto (PRI) buru duen gobernuak emandako bertsioaren arabera, Igualako Poliziak Ayotzinapako Eskola Normaleko —irakasle eskolak dira— ikasleen aurka jo zuen gau hartan: sei pertsona tiroz hil, 27 zauritu eta 57 bahitu zituzten. Bahituetako hamalau handik egun batzuetara aurkitu zituzten; 43 ikaslek desagertuta segitzen dute; eta, bertsio ofizialaren arabera betiere, poliziek Guerreros Unidos taldearen esku utzi zituzten ikasleok, eta Coculako zabortegi batean akabatu eta erraustu zituzten, Iguala ondoan. Ez dute horren frogarik aurkeztu, ordea, eta irailaren 26ko krimenaren eta desagerrarazien inguruan egindako ikerketak Mexiko osoa astindu du.
Senideen konfidantzazko forentse argentinar taldeak, oraindik orain, 43 ikasleetatik bakar baten gorpuzkinak soilik identifikatu ditu.