Diru-sarrerak bermatzeko sistema Lanbidek beregain hartu zuela hiru urte bete dira abenduaren 14an. Data hori gogoan, Lanbideko erabiltzaile diren pertsonen "etengabeko kriminalizazioa" salatzeko elkarretaratzea burutu dute gaur goizean Bizkaiko hamar bat gizarte eragilek deituta Kale Nagusian, Eusko Jaurlaritzaren egoitza aurrean.
"EAEn gizarte laguntzen jasotzaileak publikoki, mediatikoki eta polizialki jazarriz, Lanbideko bulegoetako murrizketak, praktika okerrak, kaosa eta eguneroko nahaste-borrastea justifikatzen" ari direla salatu dute elkarretaratzean. Adibidetzat jarri dituzte 2015eko Eusko Jaurlaritzako Aurrekontuen Proiektuak aurreikusten dituen murrizketak. "Errealitatetik urruti dauden aurrekontuak".
Gizartean dauden pobrezia poltsak aurrekontuak osatzerakoan ez dituztela kontutan hartu irizten diote Bizkaiko eragileek. "EAEko biztanleen %45 pobrezia egoeran dago, hile amaierara iristeko zailtasunekin". Horiei "pobrezia motaren bat" bizi duten 36.000 pertsona "erantsi behar zaizkie".
Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara bideratzen den kopurua "ez da nahikoa" eta "beste urte batez diru partida agortuko da udalerrietan uda garaian", aurreratu dute.
Bestalde, gizarte laguntzak eskuratu ahal izateko baldintzen "gogortzea" ere gaitzetsi dute. Ondorioz, "milaka familia laguntzak jasotzeko eskubide gabe geratuko dira".
[2014/11/12] Erdi biluzik gizarte laguntzen murrizketen aurka
[2014/10/01] Gizarte Larrialdietarako Laguntzen eskari guztiak bermatzea eskatu du EHBilduk
[2014/09/22] Gizarte laguntzak kontrolatzeko eta berrikusteko proiektuari eutsiko dio Udalak