PPren Gobernuak argitu ditu zalantzak, 2015ean gure pentsioak %0,25 igoko dira.
- 2010, 2011, 2012 eta 2013an gure pentsioak KPIaren azpitik igo baziren, orain %0,25 "igoko" dituztela esan digute. Baina guk galdu egiten dugu: pentsiodun gehienentzat %0,25 hori hilean euro bat delako eta eguneroko oinarrizko produktuak askoz gehiago igo direlako; argia %11, janariak %4-6 eta gauza gehienak %3-4. Eta datorren urtean gauza bera errepikatuko da.
- Esandakoa aski ez eta BEZaren igoera gehiegizkoak beste kolpe bat eman digu. Eta horrek diru sarrera eskasak dituenari egiten dio min bereziki.
- Ez dugu ahaztuko kopagoak ekarri diguna: 417 botika oso-osorik gure poltsikotik ordaindu beharra. Gurutze Gorriak berriki esan duen bezala, asko igo da behar den unean behar den botika ez hartzeagatik larrialdietara eraman duten jende kopurua. Eta jakina, lehen doan genituen beste botikak ere %10 ordaindu behar ditugu orain.
- Adituek esaten dutenez, Euskal Herrian pentsiodun familia unitatek hilean 1.000 euro behar ditu gutxieneko duintasunarekin bizitzeko. Baina 255.240 lagun daude 700era iristen ez direnak. Eta beste 116.000 esandako 1.000 eurotara iristen ez direnak. Pentsiodunen %57 bi taldeen artean dago. Hori pobrezia eta larritasun handia da, batez ere emakumeentzat eta desgaitasun pentsioa dutenetzat.
- Buka dezagun urteroko %0,25arekin. Gero eta eskasagoa izango da gure eguneroko premiei aurre egiteko, eta gaurko eta biharko pentsiodunak pobreziaren hatzaparretatik ezin ateraz biziko gara. Ezinbestekoa da PP, PNV eta UPNk "pentsioak izozteko duten ohitura zuhurrarekin amaitzea".
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, berriki 50 eragile sozialek eta gehiengo sindikalak onartuak, pentsioen duintasunaz hitz egiten du eta beste sektore sozial batzuekin lankidetzarako esparrua da.
Ordua da pentsionistok gure aldarrikapenak planteatu eta gure borroka antolatu dezagun. Ez digute ezer emango, kendu egin beharko diegu. Horixe da historiak erakusten diguna. Jendeari kalera atera dadin dei egiteko baldintzak prestatzen ari gara. Ez gara begira geratuko; atera gaitezen kalera. Gure pentsio duinen eta gure seme-alaba eta biloben alde.