Ofizialtasunera jauzia emango dute Indautxun

uriola.eus 2014ko abe. 19a, 08:00

Euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko ekimena da JAUZIA izenekoa. Joan den abenduaren 5ean Durangon aurkeztu zen. Ofizialtasunaren eskaerak jendartearen baitan babes zabal eta multi-identitarioa jasotzea du helburu. Talde lanetik, kirolaren baloreetatik eta kirolariekin lan eginez.

Argazki erakusketa izango da gaur, ostirala, 20:00etatik aurrera tunelean eta 22:00etan Kirruli kultur elkartean 'One country, on team' leloari jarraiki, makro argazkia egiteko hitzordua dute indautxutarrek.

 

Jauzia ofizialtasunera

One Country, One Team – Herri bat, talde bat – Un país, un equip – Un país, un equipo – Un pays, une équipe
Egunotan pairatzen dugu krisi garaia, kirola poztasun edo komuneko sentipen positiboen iturri da jendartearen zati handi batentzat. Horiek horrela, Euskal Herriko edo Kataluniako selekzioen ofizialtasunaren aldeko aldarriak adostasun zabala barnebiltzen duela uste dugu.

Ikuspegi transbertsala eta identitate anitzeko pertsonek babesten duten eskakizuna da hau. Errespetuan, hautaketa libre eta pertsonalean eta inposaketarik gabeko aldarria. Kirolarientzat positiboa izango den neurria da gainera, propiotzat sentitzen dituzten koloreak defendatzeaz gain, euren maila hobetu, beharrezkoak dituzten instalazio eta planak eskura izango dituzte eta gaztetatik munduko onenen aurka lehiatzeko aukera izango dute. Zaletuek ere gozatu ederra hartuko lukete eta herri gisara, mundu zabalean gure baloreak eta marka zabaltzeko aukera ezin hobea dela deritzogu. Hortaz gain, euskal selekzioen ofizialtasunak eragin positiboa izango luke Euskal Herriko ekonomiarentzat.

Kirolaren baloreetatik lan egin nahi dugu, elkarlana, elkartasuna, komuneko esfortzua, errespetua eta enpatia ardatz hartuta. Bidea gaian zeresana duten eragile guztiekin batera egin nahi dugu: Herritarrak, kirolariak, elkarteak, federazioak eta bestelako instituzioak. Batzen gaituen helburuak lortu eta harremanak indartu eta gaurkotzeko parte hartze mekanismoak sortuko ditugu.

Abenduan, euskal futbol selekzioek Kataluniaren aurka jokatu behar dituzten partidak direla-eta, dinamika berri bat abiatu nahi dugu. Baina, ez dugu gure aldarria soilik futbolean zentratu nahi, kirol diziplina guztiak aintzat hartu nahi ditugulako.

Euskal kirolari guztiak zein hiritargoa orokorrean, abenduaren 28an Bilbon egitekoak ditugun ekimenetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu. Kirol giro sano eta egokian egingo ditugu, pertsona guztientzako oparoa den eskaintzarekin. Egun horretan, euskal kirol selekzioek nazioarteko txapelketetan zein Joko Olinpiko eta Paralinpikoetan parte hartzeko eskubidea dutela aldarrikatzeko tsunami berdea osatu nahi dugu.

Lelo inklusibo eta historiko baten estalkian egingo dugu, 1995ko Munduko errugbi txapelketan Hego Afrikako selekzioak erabilitako berbera: “One country, one team”. Hau da, “Herri bat, talde bat”, “Un país, un equip”, “Un país, un equipo”, “Un pays, une équipe”. Guztiok jantziko dugun elastiko batekin, bertan denok lekua dugu, non komunean etorkizuneko garaipen kolektiboak eraikitzeko aukera izango dugun.