Inuzente Eguna dela eta, abenduaren 27an, ekintza zuzen ezbiolentoa burutu dute Bilboko Juan de Garayko kuartelean. Talde antimilitaristako partaideek txotxongilo bat zintzilikatu dute militar instalazioen ateetan, “722” zifrarekin. Zifra hori estatu espainiarrean pertsona bakoitzeko dagoen gastu militarra da.
Xahubide hau ikusi eta gero, ekintzaileek honako aldarrikapena egin zuten: "Ez izan inuzente, izan desobediente". KEM-MOCek adierazi du "diru kopuru handi hori gure zergetatik dator, horregatik, urtero Bilbon eragozpen fiskalaren bulegoa zabaltzen dugu, jendeak injustizia horri desobeditu ahal izateko, haien zergetatik gastu militarrerako erabiltzen den dirua, gizarte helburuetan inbertituz".
Aurten ere, Estatuaren Aurrekontu Orokorretan gastu militarra handitu egin da iazko diru kopuruarekin konparatuz, "beste Ministerioetan gertatu ez den moduan, Gizarte eta Hezkuntza kaltetuenak izanik”. salatu du talde antimilitaristak, “eta hori gutxi izango ez balitz, datu horiei beste Ministeriotan dauden gastu ezkutuak gehitu behar dizkiogu, hala nola Industria Ministerioak finantzatzen duen armagintza edo Kanpo Arazoetarako Ministerioak finantzatzen dituen nazioarteko ekintza militarrak, eta beste asko”.
Hori ikusita, militarizazioaren alde Estatuak egin duen apustua argi dago. “Estatuak gerra-kultura hori sustatzeko behin eta berriro egiten dituen ekintzak salatzen ditugu”, dio talde antimilitaristak. Haien ustez, azken urteotan erlazio internazionalak militarizatzeko joera dago, adibidez, estatu espainiarrak Maliko kanpaina militarra onartu izana, Marokoko gobernari armen promoziorako salmenta egitea, edo NATOren Rotako baseko misilen kontrako ezkutua, kasu guztietan aldez aurretik onartutako akordio internazional eta nazionalak hautsiz.
Informazio gehiago: www.sinkuartel.org