Pixoihaletan AHTak eta gastu militarrak gizarte eskubideak murrizten dituela salatzeko

uriola.eus 2014ko abe. 30a, 11:48

Argazkia: noaltavahtgelditu.blogspot.com.es

AHTren aurka eta gizarte eskubideen alde, hainbat antimilitarista pixoihaletan kontzentratu dira Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzan eta Espainiar Gobernuak Moyuan duen Azpiordezkaritzan gaur goizean.

Ekintza honekin "gastu militarrak eta AHTak administrazioen baliabide ekonomikoetan egiten duten odolustea" salatu dute Bizkaiko dozena bat eragilek. Diru-xahuketa horren eragina "are larriagoa bihurtzen dute egungo krisialdi ekonomikoak eta gizarte murrizketek", gaurko agerraldian adierazi duetenez.

Egun hauetan administrazio ezberdinak 2015eko aurrekontuak onartzen ardi dira. Gehienek gizarte eskubideetan "murrizketak" egiten dituzten bitartean -osasunean, gizarte prestazioetan edota hezkuntzan-, "gastu militarrei eta azpiegitura erraldoiei bideratutako partidak handitzen dituzte".

Ministerio, eta sail guztiak batuta, 2015ko gastu militarren aurrekontua 23.374 milioi eurokoa izango da. Espainiar Estatuak, bestetik, 32.000 milioi euroko zorra dauka armagintza konpainiekin.

Berriki onartutako Estatuko Aurrekontu Orokorretan, gastu militarra honakoek osatzen dute: Defentsa ministerioa (5.800 milioi); Klase Pasiboak eta Erakunde Militarrak (5.200 milioi); Armagintzarako eta Ejertzitoa Berriztatzeko Programen zorraren ordainketa (8.722 milioi); Barne ministerioa (2.600 milioi); eta baita Industria ministerioa ere (624 milioi euro).

Estatu Espainiarrak, jada, 40.000 milioi euroko zorra du armagintza negozioarekin.

Aurten, 600 milioi euro inguru bideratuko dira Hego Euskal Herrian AHTren obretarako, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Sustapen Ministerioaren artean (Eusko Jaurlaritzak 350 milioi 'Euskal Y'-rako, eta Sustapen ministerioak 220 milioi). Jaurlaritzak eta Sustapen Ministerioak obretako 7 urte hauetan jadanik, 2.250 milioi euro gastatu dituzte 'Euskal Y'-an.

Laburbilduz, AHTak eta gastu militarrek "gizartearen beharrekin zerikusirik ez izateaz gain, dakarten xahuketak oso eragin kaltegarriak dituzte, ospitale eta eskola gehiago eraikitzea beharrezkoa denean edota aurrekontu handiago behar denean gizarte bazterkeria eta langabezia pairatzen duten familiek dagokien prestazioak jaso ditzaten".