Urtarrilean osasun pribatuarekiko kontzertazioak jorratuko ditugu, ideia sinple batekin: Osakidetzako erabiltzaileok Osakidetzan atenditzea nahi dugu. Horretarako, osasun zentro pribatuei ordaindu beharrean hainbat zerbitzu eskain ditzaten, diru publiko hori guztia osakidetzan bertan inbertitzeko eskatzen dugu, Osakidetzan bertan kalitatezko arreta jaso dezagun. Ez al da logikoagoa erresonantzia, eskaner edota ekografia zerbitzu berrietan dirua inbertitu ospitale pribatuei diru hori ematea baino? Adibidez, 2013an Osakidetzak 250 milioi euro gastatu zituen osasun pribatuan; kontuan hartzen badugu Mungiako anbulatorio berriak 2,8 milioi euro balio izan duela, pribatuan gastatzen den diruarekin halako 10 anbulatorio berri egin ahal izango lirateke urtean.
Egoera hau salatzeko, gaur, kontzentrazioak egin ditugu Bilbo, Gasteiz eta Tolosan. Bilbokoa Gurutze Gorriko ospitalean (Urkijo zumardia 65) izan da, 11.30ean. Bertan 'Nik Osakidetzan atenditzea nahi dut. Ni un euro para la sanidad privada' lemapean, bertara deribatuak diren erabiltzaileak erreklamazioak egitera animatu ditugu.