Bai Fernandez bai Cabieces azken honek ustez irregularki hilero jasotzen zuen 6.000 euroko soldataren inguruan azalpenak emateko deitu ditu korrupzioaren kontrako Adam fiskalak gaur goizean.
'Euskal Herrian finantza sistema publikoa, Kutxak-Kutxabank pribatizaziorik ez' plataformak elkarretaratzea burutu du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren aurrean "agerian geratzen ari diren iruzur eta abantailak" salatzeko.
Maribi Ugarteburu, EH Bildu: "Epaitegira etorri gara auzi honi kiratsa dariola esateko"
Herritarrek ez "dugu inongo informaziorik gertatu denaren inguruan", salatu du Maribi Ugarteburuk epaitegi aurrean. "Hobe esanda, soilik Kutxabankek nahi izan duen informazioa daukagu". Hori dela eta, "gaur hona etorri gara Kutxabankeko auzi honi kiratsa dariola esateko".
Aste bete beranduago, Kutxabank eta Fernandezen "bi prentsa nota labur" eta Cabiecesen "isiltasun lotsagarria" baino ez dela ezagutarazi gaitzesi du EH Bilduko legebiltzarkideak. "Bitartean, PNV eta PSEko arduradunek konbentzitu nahi gaituzte hau arazo pertsonal bat dela eta alderdi gisa ez dutela inongo ardurarik. Eta hori esan dezagun, argi eta garbi, herritarron aurpegira barre egitea da".
EH Bildu koalizioko eledunaren aburuz "galdera gehiegi dago, eta erantzun gutxiegi", eta horrelakoetan "zerbait ezkutatzen ari den sentsazioa" hedatzen da. Honako galdera-sorta luzatu du EH Bilduren izenean: "Zergatik erabakitzen du Mario Fernandezek hori ordaintzea? Nork agindu zion hori egiteko? Nork zekien hilera 6.000 euro ordaintzen zitzaizkiola? Zein kontzeptuetan? Nola ordaintzen zen? Kasu gehiago daude? Zergatik ordaindu du Mario Fernandezek ustez Cabiecesek jasotako dirua? Egia da PNVko bi kontseilu kide saiatu zirela salaketa gelditzen? Zergatik? Zeren beldur dira? PNV eta PSE elkarrekin kudeatu dituzten beste erakundeetan, adibidez Bilbao Ria 2000, zeinean Cabieces lehendakari ordea izan den, halako kontratu irregularrik egon da? Auditoria gardenak egiteko borondatea dago?"
Legebiltzarrean ikerketa batzorde bat ireki eta herritarrek "merezi duten informazioa" emateko eskatu du Ugarteburuk Albia lorategian, eta banku fundazioen sorrerari eta pribatizazioari egotzi die "kontrol publikoa desagertzea eta PNV-PSEren arteko akordio ustelak ezkutatzea".
Jarduera "irregularra"
Fernandez Kutxabankeko presidente zenean, bankuak 243.000 euro eman zizkion zerbitzu juridikoak eskaintzen zituen abokatu bulego bati. Barne auditoria baten ondoren jarduera "irregular" hori atzeman du Kutxabankeko zuzendaritza berriak eta Bizkaiko fiskal Carmen Adanen eskuetan jarri du kasua.
Mikel Cabiecesek lotura zuen abokatu bulegoarekin. Hala, 2012an Espainiako Gobernuko delegazioa utzitakoan langabezian geratu zenean, hilero 6.000 euroko soldata hasi zen kobratzen zeharka Kutxabankek emandako dirutik. Hala segitu du 2014ko urrira arte, hain justu Fernandezek Kutxabankeko presidente kargua utzi baino egun batzuk lehenagora arte.
Cabieces BBK-ko administrazio kontseiluko kide izan zen, erakunde horren bidez ustezko soldata ezkutua kobratzen zuen bitartean. 2014an banku-fundazio berriko patronatu-kide izateko ere izendatu zuten, baina azaroaren 26an karguari uko egin zion; hurrengo egunean Fernandezek Kutxabanketik ospa egin zuen.
Fernandezek berehalakoan itzuli ditu 243.592 euroak bere poltsikotik eta Kutxabankek berak hasieratik esan du dirua berreskuratu duela eta ez duela "galerarik" izan.