Zortzigarren urtez jarraian, BBVAren Aurkako Plataformak pintura gorria erabiliz irudikatu ditu banketxearen "negozioek eragiten dituzten hilketak". Euskalduna jauregiaren parean kontzentratu dira plataformako kideak 'BBVA hiltzailea' zioen pankartaren atzean, barruan Akziodunen Biltzarra gauzatzen ari zela.
Hileta-kutxa lepoan zeramatela Euskalduna jauregira hurbildu nahi izan dutenean sortu dira jauregia zaintzen ari ziren ertzainekin tirabirak, agenteek pasoa debekatu dietenean. Orduan zenbait kidek margo gorria atera eta burutik behera bota dute, ingurua zipriztinduz. Lurrean etzan eta hildakoak bailiran eman dituzte zenbait minutu, ertzainek altxarazi eta Euskaldunako plazatik kanporatu dituzten arte.
Besteak beste, krisiaren finantzaketa, armagintzako inbertsioa, ingurugiro eta giza eskubideen urraketa, lan baldintza "kaskarren" sustapena, paradisu fiskalen erabilpena eta giza erantzukizun korporatibo eza leporatzen diote BBVAri.
BBVAren dirua "odolez zikinduta dagoela" irudikatu dute ekintzarekin. Era berean, krisia "bankuen aurrera eramandako espekulazioak eragin" duela eta ondorioak "herritarrok ordaindu behar ditugula, fondo estatalen desbideraketa eta kaleratzeak medio" plazaratu dute.
[2014/03/14] Gorriz zipriztindu dute BBVAren Akziodunen Biltzarra