Hauteskunde kanpainan Ertzaintzak buruturiko atxiloketen epaiketak "agenda politikoaren lehen lerroan" agertzea "ez da kasualitatea" Sortu alderdiaren esanetan. Ezta duela hamabost egun Auzitegi Nazionaleko sententzia batek "kartzela zigorra ezarri izana zazpi gazte independentistari". Horrelako sententzia eta horrelako atxiloketak "anomalia politikoak dira Euskal Herrian 2015 urte honetan". Sortuko Niko Morenoren hitzetan, "polizia autonomikoa joko perbertso horretan sartu da lehenengo mailako protagonista gisa, erantzukizun politiko oro alboratuta".
2008. urtean, "alderdien ilegalizazioa ezker abertzaleak ordezkatzen zuen esparru soziologikoa bizitza politikotik kanpo uzten saiatzen ziren garaian", Herri Batasunaren sorreraren 30. urteurreneko ospakizunen baitan, Durangon manifestazioa egin zen. Espainiako Auzitegi Nazionalak debekatu ostean jazotako gertakariekin lotuta, Ertzaintzak bederatzi lagun atxilotu zituen. Horien aurkako epaiketa hasi da gaur Bizkaiko Lurralde Auzitegian.
"Zorionez", ilegalizazioaren sasoia atzean ari da gelditzen "gure imaginarioan", baina bere ondorioek, "gaur hemen ikusten ari garen bezala, bizirik diraute", Morenok adierazi duenez. "Ez dauka ez hanka ez bururik horrelako epaiketa politikoekin aurrera jotzea. Ez dauka inongo zentzurik kartzela zigorra eskatzea gaur hemen epaituko dituzten lagunei. Zazpi urte luze pasatu direnean, auzipetuen aulkian eserita egoteak ez dio inongo mesederik egiten herri honetan behar eta nahi dugun normalizaziora. Auzipetuen absoluzioa da gaur eskatzen dugun epai posible bakarra".
Jazarpen politikoak bultzatutako epaiketak amaitzea "guztion ardura politikoa da" Sorturen iritziz. "Bakea eta normalizazioa guztion ardura delako, konponbide garaia delako".